Ezker abertzalearen iritziz, "oso larria" da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren debekuaren aurka Sortuk aurkeztutako helegitearen inguruko erabakia atzeratu izana. Auzitegiak aste honetarako aurreikusitako eginbeharren gai zerrendan jasoa zuen helegitearen azterketa.
Ezker abertzaleak gogorarazi du hamabost hilabete igaro direla Sortu erakunde politiko gisa erregistratua izatea eragotzi zutenetik, eta Sortu "bahiturik" mantentzea leporatu dio Espainiari.
Hori dela eta, PPri eskatu dio uko egin diezaiola "ireki den jokaleku berriari aurre egiteko eskubide urraketa argudio politiko gisa erabiltzeari".
Erakunde politiko guztien legeztapenak "berehalakoa eta baldintzarik gabekoa" izan behar duela berretsi du ezker abertzaleak.