Konponbide prozesua

Ezker abertzaleak proposamen “historikoa” aurkeztu du “gatazka konpondu eta bakea lortzeko”

Anaitasuna kiroldegia leporaino bete du gaur arratsaldean. Proposamena bi arlotan oinarritzen da: batetik, Euskal Herriaren aitortzan (erabaki eskubidea jasota) eta, bestetik, Euskal Herriaren nazio erakundetzean (Hego Euskal Herriko autonomian, Nafarroak estatus propioa izango luke).

2007ko martxoaren 3a
19:27
Entzun
“Ezker Abertzaleak gatazka konpondu eta behin betirako bakea lortzea helburu duen proposamen historikoa zabaldu dio Euskal Herriari”. Halaxe definitu du gaur arratsaldean Iruñean aurkeztu duen proposamena ezker abertzaleak.

Leporaino bete du Anaitasuna kiroldegia, eta Euskal Herri berria leloaz hainbat pankarta eta bandera zeuden bertan, baita hamaika ikurrina eta Nafarroako bandera ere. Ezker abertzaleko buruzagien artean, bertan ziren Batasuneko Mahai Nazionalekoak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia edota Nekane Erauskin EHAKren Gasteizko legebiltzarkidea. Gerry Adams Sinn Feineko presidentearen mezu bat ikusentzun ahal izan dute Anaitasunan zeudenek bideo baten bidez.

Euskal Herriari urteetan “inposatutako markoak agortuta” daudela uste du ezker abertzaleak eta “aldaketaren premia hedatu” dela. Zentzu horretan, euskal herritarren hitza eta erabakian oinarritutako marko berriaren aldarrikapena “herri honen gehiengo zabal baten nahia da”. Eskuak “zabalik” dituela dio, “eta akordio eta konpromisoetarako prest” dela.

Proposamena bi arlotan oinarritzen da. Batetik, Euskal Herriaren aitortzan, erabaki eskubidea jasota. Bestetik, Euskal Herriaren nazio erakundetzean.

“Zazpi herrialdez osatutako Herri eta nazioa da gurea, eta bertan bizi garen guztiok, geure borondate eta erabaki librez, badugu eskubidea nazio honi bere instituzioak emateko eta horrela bere bizitza kulturalaz, ekonomikoaz, sozialaz eta hizkuntza politikaz erabakiak hartu ahal izateko. Gure nazio librearen izenean Europari eta munduari zuzentzeko eskubide osoa dugu”, dio lehen arloari dagokionez.

Erakundetzeaz, “Euskal Herri osoan instituzio komunak” garatzeko “oinarrizko” eskubidea aldarrikatzen du. “Herriaren aitortza ez ezik, zazpi herrialdeetako bizitza politikoa eta juridikoa egituratzeko instituzioak, herri gisa dagozkigun eskubide eta eskuduntza nahikoz hornitzeko ahalmena, eta bi estatuek eragiten diguten lurralde zatiketa instituzionalki gainditzeko bidea bermatuta behar dugu”.

Aurreko asteetan jakinarazi izan duen bezala, alde batetik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren egituraketa politiko eta instituzionalaren proposamena egin du ezker abertzaleak, “lau lurraldeetako herritarren erabakitze eskubidean oinarritutako autonomia”.

Horren arabera, “bermatuta geratuko litzateke proiektu politiko guztiak (independentziaren aldekoa barne) ez soilik defendatu, baita gauzatu ere ahalko liratekeela, jendartearen gehiengoak era baketsu eta demokratikoan hala erabakiz gero”.

Gaurko esparru politiko eta instituzionaletik abiatuta gauzatuko litzateke marko berria, baina bere “izaera eta identitate historikoa kontuan hartuz, Nafarroak estatus propioa izango luke”.

Lapurdi, NafarroaBeherea eta Zuberoaren egituraketa politiko instituzionalaz, ezker abertzaleak dio Frantziaren aldetik herrialdeon “aitortza instituzionala” behar dela, eta hor oinarrituta “proiektu politiko guztiak defendatzeko eta gauzatzeko aukera” eskaini behar dela. Hala, “hiru herrialdeentzat marko politiko eta instituzional berria” eskatu du. “Erabakitze eskubidea euskal herritarrengan utziko luke”.

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak esan du Euskal Herriaren independentzia dutela helburu baina horretarako aurrez “marko demokratikoa” lortu behar dela. Marko horretan kokatu du proposamena.

Joko arau “demokratiko” eske

Ezker abertzaleak, horretarako denerako, “joko arau demokratikoak” exijitu dizkie Espainiako eta Frantziako estatuei: “Oraingo zatiketa inposatuaren ordez, soluzio demokratikoa, herritarren erabakian oinarritua. Oraingo apartheid eta bazterkeriaren ordez, iritzi eta aukera politiko guztien errespetua eta gauzatzeko berdintasuna. Oraingo gatazkaren ordez, marko demokratikoa”.

Ezker abertzaleak dio “konponbiderako eta bakerako proposamen eta ahaleginez beteriko ibilbide luzea” egin duela azkeneko 30 urteotan, 1976. urtean hasita. Orduan KAS Alternatiba aurkeztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.