Politika

Ezker abertzaleak "prozesuan amaieraraino iristeko konpromisoa" duela nabarmendu du Otegik

Duela bost hilabetetik prozesua blokeatuta dagoela azaldu du, baina, hala ere, konponbidea lortzeko lanean jarraitzen dutela eta komunikazio bideak zabalik daudela.

2006ko azaroaren 10a
18:30
Entzun
Atzoko prentsaurrekoan baino itxaropentsuago mintzatu da gaur Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia ETB2ko El Punto saioan egin dioten elkarrizketan. Baina atzoko gogortasuna ez zela alferrikakoa agertu du, baizik eta herritarrei konponbide prozesua kaskar dabilela ohartarazi nahi zietela; hau da, prozesua duela bost hilabetetik blokeatuta dagoela agertu du.

Blokeoa gertatzeko bi arrazoi nagusi daudela iritzi dio: batetik, alderdien mahaia sortzeko urratsik ez egitea. Bestetik, ezker abertzalearen kontrako jazarpena. Jazarpen horren azken adibidea Iñaki de Juana preso donostiarrari jarri dioten zigorra dela agertu du, "gainez egin duen tantoa".

Hala eta guztiz ere, konponbide prozesuak aurrera egin dezan ezker abertzaleak lanean jarraitzen duela erantsi du, eta, gainera, komunikazio bideak oraindik zabalik daudela. Ildo horretatik, ezker abertzaleak "prozesuan amaieraraino iristeko konpromisoa" duela nabarmendu du.

ETAri dagokionez, gatazkari "irtenbide demokratikoa" emateko borondate eta keinu argiak agertu dituela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.