Espainiako Auzitegi Nazionalak apiriletik aurrera D3M eta Askatasunarekin lotuta hamahiru lagun epaituko dituela salatu du ezker abertzaleak, "epaiketa hori ilegalizazio politiken luzapena baita, argi eta garbi". Maribi Ugarteburuk esan du Espainiako Estatuak "blokeo estrategiarekin erantzuten" jarraitzen duela Euskal Herrian ireki den egoera berriaren aurrean. Auzipetuekin batera eman du prentsaurrekoa, Bilbon.
Espainiari estrategia hori uzteko eskatu dio, eta, lehen pauso gisa, "salbuespen neurriak" bertan behera lagatzeko: egungo kartzela politika amaitu, orain arte legez kanporatutako antolakunde politikoak legeztatu eta militante politikoen jazarpena alde batera utzi —epaiketa politikoak barne—. "Politika egiteko garaia da".
2009ko martxoan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izateagatik auzipetu dituzte hamahiru lagunak. Ezker abertzalearen arabera, "euskal jendarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egin izana hartuko da delitu modura. Konponbide prozesu bat eraikitzeko eskaintza da epaituko dena, euskal herritar guztientzako esparru demokratiko bat eraiki asmo zuena".
Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzana dira auzipetuak. D3M ETAren aginduz osatu izana leporatuta, erakunde armatuko kide izatea egozten die fiskalak lehen bederatziei. Gainontzeko laurei, ETAren aginduz Askatasuna alderdia sortu izana leporatzen die; ETAri laguntza emateko delitua. Zazpi eta bederatzi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskalak hamahiru akusatuentzat.
D3Mko kide izatea egotzita zortzi lagun atxilotuta abiatu zuen auzia Baltasar Garzon epaileak, 2009ko urtarrilean. Plataforma legezko zen artean, baina laster utzi zuten legez kanpo. Baita Askatasuna ere. Hauteskundeak igaro zirenean askatu zituzten atxilotuak.