Ezker abertzaleak azpimarratu du "Euskal Herriko eragile politiko soberanista, independentista eta ezkerrekoen arteko indar metaketa giltzarria" dela erronkei eusteko, metaketa hori dagoeneko "fruituak" ematen ari dela eta, hala, "txalotu" egin du Aralarrek lehengo larunbateko batzarrean berriz ere apustu hori egin izana —biltzarreko %93,8k babesa eman zioten ezkerreko abertzaleen koalizioa egiteari—.
Iazko azaroan Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin batera aurkeztu zen Aralar, Amaiur koalizioan, eta honek lortu zituen Hego Euskal Herrian diputatu gehien —zazpi—.
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidearen arabera, aipatutako eragileen indar bilketa funtsezkoa da "herri honek aurrean dituen bi erronka handiak arrakastaz gainditzeko; alegia, gatazka politikoa akordio demokratikoaren bidez konponbidean ezartzeko, eta beste bizi eta antolaketa eredu sozioekonomikoa eraikitzeko".
Hark uste duenez, "jendarteko gehiengo zabal-zabala artikulatzen ari da" bi gai haien inguruan. "Ezker abertzaleak oso argi dauka horixe dela jarraitu beharreko bidea, baina ez soilik hauteskunde parametroei begira, baizik eta konponbide eta bizi-eredu perspektibatik, modu integral batean. Apustua erabat estrategikoa dela deritzogu".