Ezker abertzaleak uste du Basagoitik "konponbideen kontrako akordioak" proposatzen dituela

2012ko otsailaren 15a
12:33
Entzun

Ezker abertzaleak uste du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak PSE-EE, EAJ eta PPren artean akordioa lortzeko egin zuen proposamena "euskal gizartearen baitan erabat minoritarioak diren postulatuetatik eginiko proposamena" dela. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin egindako bilkuraren ostean hitz egin zuen atzo Basagoitik.

"Akordio baztertzaileak" proposatzen dituela salatu du ezker abertzaleak, "konponbideen kontrako errailean kokatuak", eta berretsi du konponbidea posible izateko "nahitaezkoa" dela eragile guztien parte hartzea.

"Bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoa da modu bakarra, Euskal Herrian eta munduko beste edozein herritan, gatazka politikoak kudeatzeko eta behin betiko eta egiazko konponbideak eraikitzeko", adierazi du ezker abertzaleak.

Lokarri, ezker abertzalearen bazterketarekin kezkatuta

Lokarri akordioa eta kontsultaren aldeko herritar sarea kezkatuta agertu da hiru alderdien arteko akordiotik ezker abertzalea "era esplizituan baztertu" dutelako. "Bazterketa etengabe egon da gure iraganean. Hainbat izan dira euskal gizartearen bizikidetzan irtenbideak bilatzeko saiakerak, gizartearen alde garrantzitsuak kanpoan utzita, eta hori akats bat izan da", azaldu du Lokarrik.

Euskal gizarteak "aukera handiko unea" bizi duela uste du, "bakea sendotzeko eta bizikidetza hobetzeko". Hori lortzeko, "elkarrizketak elkarbanatua izan behar du, gure gizartearen pluraltasuna errespetatzen duena".





 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.