Ezker abertzaleak uste du Donostiako alkatearen idazkari ohi Josetxo Ibazetaren kasuarekin, azken batean, ezker abertzalearen beraren kontra doala zenbait sektore. Ibazetak duela zenbait aste Espainiako futbol selekzioaren zale batzuen aurka izandako erreakzioa lortzeko "probokazioa" eragin izana salatu du ezker abertzaleak eta hori, gainera, "aurrez prestatu" zutela. Ibazeta "dianan" izan dutela ere gaitzetsi du.
Hain zuzen, Ibazeta inputatu egin berri dute, Espainiako selekzioaren garaipen bat zela-eta honen jarraitzaile batzuei Donostiako Parte Zaharrean "Gora ETA militarra!" oihukatzeagatik eta ustez hatzekin pistola baten keinua egiteagatik. "Terrorismoa" gorestea egotzi dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Ibazetak bihar auzitegi hartara joan beharko du, epailearen aurrera.
Pernando Barrenak gogoratu du hark kasua publiko egin bezain laster eman zuela dimisioa, eta ezker abertzaleak ere esan zuela halako jokabideek lekurik ez dutela euren alderdian.
Espainiako Gobernuari euskal herritarren aurkako "errepresioa" baztertzeko eskatu dio, eta Auzitegi Nazionala desegiteko galdegin du, halaber.
Joseba Permach, Marije Fullaondo eta Juan Kruz Aldasororekin batera prentsaurrekoa eman du Barrenak.