politika

Ezker abertzaleak uste du "ETAk prozesu demokratikoarekiko apustua" egin duela

Txelui Morenori "garrantzitsua" iruditu zaio erakunde armatuaren azkeneko agiria. ETAk dio "aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna" daukala. EAk baztertu egin du erakundearen "lankidetza eskaintza". Ares: "ETAk dagoeneko ez du inor engainatzen"

2010eko martxoaren 22a
17:06
Entzun
Txelui Moreno ezker abertzaleako kideak adierazi du "oso posiitboa" dela ETAk atzo kaleratutako agiria, "prozesu demokratikoa garatzeko apustua" egin duelakoan erakunde armatuak. ETAk agirian dio "aldaketa politikoaren bidean beharrezkoak diren urratsak emateko prestutasuna" daukala. Ezker abertzaleak asteazkenean, egun bat lehenago ustezko etakideek Frantziako polizia bat hil ondotik, "prozesu demokratikoarekiko konpromiso argi eta zehatzak" hartzeko eskatu zion ETAri. Honen agiria, dena dela, Jon Anzaren gorpua agertu eta Frantziako tiroketa gertatu aurretik bidalitakoa da, martxoaren 10ekoa.

"Agiria garrantzitsua dela iruditzen zaigu", esan du gaur Morenok Herri Irratia Loyola Median, "beste pauso bat da prozesua bukaerara iristeko", eta "beste aldeari" gauza bera egiteko eskatu dio, "ETArena bezala mugimendu txikiak badira ere". Espainiako Estatuari zuzendu zaio, batik bat, ezker abertzaleko kidea, eta errepresioa eta eskubideen murrizketa geratzeko galdegin dio. Hark dioenez, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak "nahikoa baliabidea badu ezker abertzalearen pausoak oso garrantzitsuak direla jakiteko".

Anoetako metodologia berretsi du Morenok: bi mahaikoa. "Horietako batean ETAk eta Espainiako Gobernuak segur aski armez eta presoez hitz egin beharko lukete".

Haren arabera, Frantziako polizia hil izana "larria" da, baina berriro esan du ez direla halakoak gaitzesten hasiko, "ezker abertzalea kriminalizatzeko estrategia delako hori".

EAk baztertu egin du ETAren "lankidetza eskaintza"

EAk gaur azaldu du ez duela inoiz ETA eragile politiko gisa aitortu eta, ondorioz, baztertu egiten duela erakunde armatuak agirian egindako "lankidetza eskaintza". "Fitxa mugitzeko" eskatu dio, "baketze eta normalizazio politikora begira ematen ari diren pausoen alde egiteko".

EAren ustez, "ETA da mugimendu subiranista plural eta ez-indarkeriazkoa eratzeko trabarik handiena. Bere desagerpena da gatazkari egin diezaiokeen ekarpen bakarra".

Rafa Larreina EAko zuzendaritzako kidearen ustez, ETAren agiria "ez da nahikoa", "baina abertzaleok nahi dugun adierazpenaren aurrekaria izatea nahi genuke". Info7 irrati katean mintzatu da Larreina, gaur.

Ares: "ETAk dagoeneko ez du inor engainatzen"

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren ustez, ETAren azkeneko agirian ez dago berrikuntzarik. "[ETAk] Dagoeneko ez du inor engainatzen, eta axola zaigun agiri bakarra, armak behin betiko utziko dituela esango duen hori izango da".

Aresek iritzi dio ezker abertzalean badagoela "jendea politika egin nahi duena, baina oraindik ez dute hartu beharrekoa erabakia hartu; hau da, ETAri terrorismoa uzteko ez diote eskatu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.