Euskal Herrian "aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak sustatzeko" helburuarekin "ezkerreko gunea" sortzeko "sobera inor" ez dagoela uste du ezker abertzaleak, Txelui Morenok gaur Iruñean adierazi duenez. "Prozesu demokratikoa" bultzatu nahi duen "ororekin" akordioetara heltzeko prest daudela azaldu du, halaber.
Gaurko egoeran, baina, eragile batzuk "interes kolektiboen gainetik, interes pertsonalak edota alderdikoiak" lehenesten ari direla esan du Morenok. "Epe motzeko bisioa dute, hauteskundeetan pentsatuz".
Dena dela, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen ustez, gaur egun ez dago baldintzarik indar abertzaleen artean polo subiranista sortzeko, ETAk aurrera jarraitzen duelako eta Batasuna ez delako "aldentzen" haren indarkeritik. Hala, Aralarrek, "oraingoz, ezker abertzale politikoaren apustuarekin" segituko duela jakinarazi du Abrilek, "egonkortzeko".
Batasunak bere barne eztabaida "bukatu" beharra daukala iritzi dio Aralarreko koordinatzaileordeak, "eta azaldu egin beharko luke zer estrategia daukan eta zer planteamendu egin behar duen". Oraingoz, balizko polo subiranistaz "EA baizik ez da ari hitz egiten. Batasunak eta biek akordioa badute, gizarteari azaldu beharko diote".
Aralarreko Hegoaldeko zuzendaritzak eta herrialdetako zuzendaritzek batzarra egin dute gaur, Usurbilen (Gipuzkoa), "egitura nola sendotu hausnartzeko, oposizio tinko eta lehiakorra egin asmoz".
EA eta Hamaikabat
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak gaur adierazi du bere alderdiak polo subiranistaz ez duela "gehiago ezer esango, ezker abertzaleak eztabaida bukatu arte".
Iñaki Galdos Hamaikabateko presidenteak, ordea, EAk ezker abertzalearekin duen harremanaz "egia esateko" eskatu dio Urizarri. Bere lehen batzar nagusia egin du Hamaikabatek gaur, Bilbon, eta Galdosek esan du "garbi" geratzen ari dela "beharrezkoa" zela EA utzi eta alderdia sortzea.
politika
Ezker abertzaleak uste du "inor sobera" ez dagoela "ezkerreko gunea" sortzeko
Aralarrek dio ETAgatik polo subiranista eratzeko baldintzarik ez dela, eta berak "oraingoz, ezker abertzale politikoaren apustuarekin" jarraituko du. EAk ez du balizko poloaz "gehiago ezer esango, ezker abertzaleak eztabaida bukatu arte". Hamaikabatek "egia esateko" eskatu dio EAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu