Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak gaur goizean adierazi du UPN-PSN gobernuaren hausturaren ondoren, Nafarroan aukerarik "demokratikoena" hauteskundeak aurreratzea dela, "herritarrek erabaki dezaten zein ordezkaritza politiko nahi duten".
Morenok agerraldia egin du gaur goizean, Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearekin batera. Biek nabarmendu dute UPN "bakarrik" geratu dela, eta gogorarazi dute ez duela gehiengorik aurrekontuak eta murrizketak aurrera atera ahal izateko. PSN gobernutik egotzita, gutxiengoan gobernatzen ahaleginduko da Barcina.
Morenoren ustez, Nafarroan gizarteak azken hilabeteetan argi utzi du zer pentsatzen duen UPNk eta PSNk planteatu duten ereduaren inguruan. "Orain guri dagokigu zein eredu nahi dugun erabakitzea. Bi alderdi horiek planteatu duten horren aldean oso ezberdina izango da".
Haren arabera, Nafarroan UPN eta PSNren hausturak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan PPren eta PSE-EEren hausturak erakusten dute ez dagoela soilik krisi ekonomiko eta politiko bat, baita "lurraldeko krisi bat" ere.