Politika

Ezker abertzalearen aurkako azken erabaki judizialak kritikatu ditu EAJk

Eusko Alderdi Jeltzaleak ezker abertzalearen aurka hartutako azken erabaki judizialak kritikatu ditu. Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, EAJko legebiltzarkide Emilio Olabarriak Juan Joxe Petrikorena, Iñigo Balda eta Ainhoa Iñigoren atxiloketak salatu ditu, "ez dutelako inolako deliturik egin". Olabarriak Sozialista Abertzaleak taldeko Jon Salaberria parlamentariaren aurkako zigorra ere salatu du, "Legebiltzarreko parlamentariek duten bortxaezintasun eskubidea urratzen baitu".

2003ko irailaren 19a
18:04
Entzun
Olabarriak hitz gogorrak izan ditu abuztuaren 10ean No apartheid. Autodeterminazioa manifestazioa antolatzea egotzita Juan Joxe Petrikorena, Iñigo Balda eta Ainhoa Iñigo atxilotu izana. "Oso larria da, ez dute inolako deliturik egin. Atxilotutako lagunak baimendutako manifestazio baten antolatzaileak eta komunikatzaileak izan ziren. Baimenduta zegoen manifestazio bat antolatzeagatik atxilotu dituzte, ez bertan gertatuko zerbaitengatik. Hori larria da oso. Manifestatzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da, eta oinarrizko eskubidea den einea babestu beharra dago".

Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentari Jon Salaberriaren aurkako zigorra ere salatu du Olabarriak. "Eusko Legebiltzarreko edozein parlamentarik du bortxaezintasun eskubidea, eta zigorrak eskubide hori urratzen du. Parlamentari batek parlamentuan esaten duen zerbaitengatik kondenatzea izugarria da; ez da inon horrelakorik ikusi. Demokraziaren aurkako atentatu bat da".

Arzalluzek Espainiako Auzitegi Goreneko presidente Francisco Hernandoren dimisioa eskatu du

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Xabier Arzalluzek Espainiako Auzitegi Goreneko presidente Francisco Hernandoren dimisioa eskatu du. Arzalluzen ustez, "Hernando bere lanean aldrebes bat izateaz gain Auzitegi Gorena desohoretzen du". Espainiako epaileen kurtso hasieran Konstituzioaren edozein motako aldaketa ukatzeaz gain, epaileek Ibarretxeren Planaren aurrean ez direla "geldi geldituko" adierazi zuen Hernandok.

Arzalluzek azpimarratu duenez, "Francoren garaitik ez da horrelakorik ikusi. Hernandok ikuspegi politiko zehatz baten aldeko jarrera nabarmena du". Dena den, ezkor agertu da Arzalluz, eta Hernandok ez duela dimitituko uste du. ·"Egin dezakeen gauzik onena dimisioa aurkeztea da; hala ere, ziur naiz ez duela dimitituko. Azken finean Espainiako Gobernuarentzat mauka bat da bera bezalako pertsona bat. Espainian justiziaren politizazioa nabarmena da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.