Guztion artean elkarrizketa eraikitzailea osatzeko garaia heldu da
Ezker Abertzaleak gaurkoan bere iritzia plazaratzeko, belaunaldi ezberdinetako hamarna kide bildu ditu, helburu batekin: “Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren” ondorioen garrantzia azpimarratzea.
Ezker Abertzaleak, laburki bada ere, gogorarazi nahi du zer nolako ekarpena egin dion bere apustuarekin gure herrian zabaldutako egoera berri honi, apustu honen bitartez gai izan garelako panorama politikoa errotik aldatzeko, euskal politikagintzaren erdigune politikoa bilakatu diren indar soberanista eta independentisten bilguneak sustatu eta bultzatzeko eta, nazioarteko eremuarekin batera, gure apustu politikoaren hartzaile nagusiak diren herritarren aldetik sinesgarritasuna eta konfiantza politiko osoa jasotzeko.
Oraingoan nazioarteko eremua dugu mintzagai nagusi, eremu honetatik gai izan direlako gaur arte pentsaezina zirudien konponbideen aldeko dinamika erraldoia antolatzeko, Euskal Herria, Europako azken gatazka, nazioarteko agenda nagusian kokatuz eta, atzoko azken urratsarekin, Nazioarteko Konferentziarekin, guztiok garaile izan gaitezkeen eta izan behar dugun eszenario berri bati ateak zabalduz. Konferentzia eta bertatik atera diren ondorioek dimentsio historikoa dute eta horrela adierazi nahi diogu argi eta garbi gure herriari.
Sarrera gisa hau guztia esanda, hauexek dira Ezker Abertzaleak Euskal Herriari luzatzen dion irakurketa, Nazioarteko Konferentziaren ondorioak baloratuz:
Ezker Abertzaleak “Euskal Herrian gatazkaren konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentziaren” ondorio bakoitzarekiko eta guztiekiko babes osoa eta irmoa agertu nahi du, gure herrian garai berri bat zabaltzen dutela ulertzen duelako.
Ezker Abertzalearen iritziz, Nazioarteko Konferentziaren ondorioen inplementazioak Euskal Herrian gutxieneko demokratiko adostuen gainean eraiki beharreko eszenarioa finkatzea dakar. Eszenario honek, bere alderdi guztietan, bai zergatietan, bai ondorioetan, barne biltzailea izango den konponbide demokratikoa bultzatu behar du eta herri honetako kultura politiko guztien parte hartzea eskatzen du.
Ezker Abertzaleak, Euskal Herriaren mesedetan lanean ari den indar politiko gisa, bere prestutasun eta konpromisoa azaldu nahi du modu aktibo batean esparru politiko biltzaileak bultzatuko dituzten dinamika guztietan parte hartzeko, beti ere kontuan hartuta dinamika hauek alde anitzeko elkarrizketak burutzera zuzenduak izango direla eta gatazka politikoaren konponbidearen helburu komunean lagunduko dutela.
Ezker Abertzaleak pentsatzen du iritsi dela guztion artean ardurak konpartitzeko garaia, bai Nazioarteko Konferentzian parte hartu dugunon artean, bai modu justifika ezin batean kanpoan geratu direnekin ere, guztion artean elkarrizketa eraikitzailea osatzeko garaia, nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidean oinarrituriko akordio demokratikoa eskuratu asmoz, herritarren berrespenarekin.
Bukatzeko, Ezker Abertzaleak, ez ditu baloratuko Konferentziaren harira demokrazia defizit larria erakusten duten hainbat deklarazio, inongo logika politikorik ez dutenak. Modu argi batean esateko, lekuz kanpo daudela iruditzen zaigu, Nazioarteko Konferentziaren helburu eta filosofiatik kanpo daudela eta bertan parte hartu duten pertsonalitate eta agente politiko eta sozialekin zer ikusirik ez duten interpretazioetan oinarrituak daudela.
Zentzu honetan, Ezker Abertzaleak pentsatzen du klase politiko guztiak aurre egin behar diola etapa berri honi eta zabaltzen den aukera politikoari; guztioi dagokigu ahalegina egitea bakea eraiki ahal izateko eta gatazka politikoaren behin betiko konponbidea erdiesteko.
Agerraldi honetako azken ideia gisa, Ezker Abertzaleak azpimarratu nahi du bakearen eta behin betiko konponbideen eraikuntza Euskal Herriko herritar guztion ahalegina izan behar duela, herriaren ahalegina izan behar duela, guztion konpromiso norbanakoa eta kolektiboa beharrezkoa izango baita hainbat hamarkadetan ezinezkoa izan den helburua lortzeko: gatazka politikoaren eta bere ondorio guztien amaiera eta bakearen eta askatasunaren eraikuntza. Gaur, inongo zalantzarik gabe, lortzetik inoiz baino gertuago gaude.
Ezker Abertzalea
2011ko urriaren 18a