Gazte Zukgua prozesua amaitutzat eman dute. Bide berean da Sorturen eratze prozesua. Gaur bi antolakundeetako kideek adierazi dute biek helburu bera izango dutela esku artean. Guztiek uste baitute "egungo krisi politikoari" aurre egiteko feminismoa, independentismoa eta sozialismoa direla alternatiba bakarrak. Estrategia politiko bera dute bi antolakundeek, hain justu, Zutik Euskal Herria ebazpenak ezarritakoa.
"Proiektu politikoa partekatzen dugu: Euskal Herria sozialista, euskaldun eta feminista eraikitzea da helburua", adierazi du Sortuko bozeramaile Maribi Ugarteburuk. Egungo egoera "errotik" aldatu behar dela adierazi dute biek, eta hori guztia herritarren eskutik egin behar dela nabarmendu dute. "Inoiz baino argiago ikusten denez, demokrazia deitzen direnak kamuflatutako diktadura politiko eta ekonomikoak baino ez dira", esan du Ugarteburuk.
Gazte antolakunde berria datorren martxoaren 2an aurkeztuko dute, Lizarran egingo duten aurkezpen kongresuan. Bost hilabete pasa dituzte eratze lanetan. Denbora horretan egungo egoeraren eta ziklo politikoaren azterketa egin eta gazte estrategia definitu dute. "Gure geroaren inguruan aritu gara hitz egiten", adierazi du antolakunde berriko kide Irati Sernak. 180 herritan aritu dira hausnarketa horiek egiten, eta eztabaida horietan 2.500 lagunek parte hartu dute. Espero zuten baino emaitza hobeak lortu dituztela jakinarazi dute: bai kuantitatiboki, baita kualitatiboki ere. Beraz, "positiboki" baloratzen dituzte eratze prozesuan lortu dituzten ekarpenak.