Euskal Herria

Ezker abertzalearen lehentasuna ETAren su-etena lortzea izan beharko litzatekeela iritzi dio Egibarrek

Bidegurutze oso larrian ikusten du Batasuna Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak. "Politikan jarraitu nahi badute erabaki oso sakonak hartu beharko dituzte, aurrena ETAren su-etena lortzea". Hori lortuz gero, herriari "mesede" egingo liokeela dio, baina, ez hori bakarrik, ezker abertzaleak etorkizun hurbilean bide politikoa egin nahi badu, "erabakiak hartzeko garaian" dagoela iruditzen zaio buruzagi jeltzaleari.

2004ko apirilaren 26a
15:42
Entzun
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Egibarrek, eta laster erantzun dio Arnaldo Otegi SA Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak. Su-etenaren inguruko eztabaida publikoetan ez direla hasiko esan du, eta "askoz gutxiago hitz egin eta gehiago lan egin" behar dela, "serioago eta lasaitasun osoarekin". Gainera, ezker abertzalea egin duenarekin eta egiten ari denarekin lasai dagoela esan du, eta badakitela zer egin behar duten. Herri honek bakea eta autodeterminazioa nola lortzen dituen pentsatu behar dela dio.

Legebiltzarkideen aurkako kereilak

Baina Batasunaz ez ezik, EAEko Auzitegi Nagusiak azkenaldion legebiltzarkideen aurka hartu dituen neurriez ere minzatu da Egibar jeltzalea Euskadi Irratiko elkarrizketan. Izan ere, SA desegiteko ukoa dela-eta Eusko Legebiltzarreko presidente Juan Mari Atutxari, eta Gork Knörr eta Kontxi Bilbao mahaikideei ezarritako kereila EAko Rafa Larreinari, SAko Antton Morcillori eta Egibar berari zabaltzea erabaki berri du epaitegi horrek. Egibarren iduriko, fundamentu handirik gabekoa da ebazpen hori, eta, halaber, asmo txarrez beterikoa.

"Hanka sartzea" Atutxa, Bilbao eta Knorren kontra ekin zenean hasi zela iritzi dio, eta hura zabaltzen jarraitzeak ez duela inolako zentzurik. Gainera, beraien kasuan kereilak zentzu txikiagoa du, bere ustetan, auzitegi edo epaile batek ez baitezake iritzi politiko bat zuzendu, bozka norberarena eta demokrazia ekintza bat delako.

Elkarrizketaren aroaren zain

Elkarrizketaren aroa noiz hasiko den zain dagoela esan du Egibarrek, sozialisten gobernuak behin eta berriz erabili dituen hitzei erreferentzia eginez. Hala ere, ezkor agertu da, sozialistek ponentziak ukatu egiten dituztelako Gasteizen. Gainera, Zapaterok Jaurlaritzaren proposamena onartu egin beharko duela dio: "kontua ez da Zapaterok zer onartzen duen edo ez, hark, legearen arabera, Legebitzarrak eta Jaurlaritzak egiten duten proposamena onartu egin behar du, eta gero bere iritzia arrazoitu". "Baimen eske" ez doazela gaineratu du: "eskubidea" beraiena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.