Ezker abertzalearen urratsak ez direla aski diote Lopezek eta Rubalcabak

Lehendakariak uste du ezker abertzalearen mezuek «beste melodia bat» dutela baina ez dutela jotzen «behin betiko musika»

edurne begiristain
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ezker abertzalea pausoak ematen ari da, baina ez behar adina. Mezu hori nabarmendu zuen atzo alderdi sozialistak. Ezker abertzalean «aldaketak» ikusten direla baina ez direla nahikoak azpimarratu zuten Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Asteazkenean Espainiako gobernuburuakezker abertzalearen urratsen inguruan hori ere esan zuela gogora ekarrizuten bi buruzagiek.

Ezker abertzalearen mugimenduen inguruan hitz egin du Lopez lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Aralarrek egindako galdera bati erantzunez. Aralarrek galdetu dio ea Espainiako Gobernuaketa Jaurlaritzako hainbat kidek egin bezala lehendakariak ere ezker abertzalearekiko diskurtsoa aldatu behar duen, «lekuz kanpo ez geratzeko». Ezker abertzaleak ETArekin behin betiko hausten ez duen bitartean Jaurlaritzak ez diola «lurreratzeko pistarik» jarriko erantzun du lehendakariak, hori egitea «akatsa» litzatekeelako bake bidean.

Onartu du, hala ere, ezker abertzalearen adierazpenek beste «melodia» bat dutela azkenaldian baina ez dutela jotzen «behin betiko musika». Ezker abertzaleko kideek igaro behar dute «adierazpenetatik ekintzetara» eta haiek frogatu behar dute behin betiko biolentziarekin hautsi dutela eta desager dadin lanean ari direla, Lopezen irudiko.«Ez da errealitatea nahiarekin nahastu behar». Gainera, berretsi du ezker abertzalea dagoen egoeran badago «jazarpen polizialari eta judizialari esker» dagoela.

Ezenarroren irudiko, ordea, ezker abertzalearen diskurtsoan aldaketa badago, Gernikako Akordioari esker dago. Akordio horrek gauzak aldatzen hastea ekarri du, «aldebakartasunera» gehitu delako ezker abertzalea, baina Jaurlaritzak ez du hori ikusi nahi, Aralarreko legebiltzarkidearen ustez. Nolanahi ere,Ezenarroren irudiko, «ez du zentzurik» ezker abertzalearen mezuan aldaketak sumatzeak eta, aldi berean, Batasuneko buruzagiak kartzelan edukitzeak. «Kontraesana» ikusten du Aralarrek Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren mezuetan, ezker abertzalea ETArekin konfrontazioan dagoela diotelako, baina aldi berean espetxeetan «preso politikoak» daudelako.

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak, berriz, ezker abertzalearen pausoen inguruan Espainiako gobernuburuak esandakoa zehaztu nahi izan du. Zapaterok ezker abertzalearen urratsak «alferrik» ez direla izango esan ez ezik ez direla «nahikoak» ere adierazi zuela gogoratu du. Eta pauso horiek «aski ez izateak» zer esan nahi duen xehatu du Rubalcabak: «Lehen zegoena baino gehiago da, baina egin behar duena baino gutxiago». Hori esanda, argi utzi du gobernuakez duela «batere» aldatuko ETArenaurka daraman politika, eta, beraz, demokraziak ezker abertzaleari «atzo, gaur eta beti» ETArekiko loturak hausteko eskatuko diola. Gaur egun gobernuaren eta ezker abertzalearen arteko harremanak «erabat etenda» daudela erantsi du Barne ministroak.

Negoziazio bideak

Oso bestelako iritzia agertu du Josu Erkoreka EAJko diputatuak. Haren esanetan, ez da sekula «erabat hautsi» PSOEren eta ezker abertzalearen arteko komunikazio bidea. Haren aburuz, Zapateroren gobernuak «tentsio dialektikoa»dauka ezker abertzalearekin, hau da, haren aurkako jazarpenari eutsiko dio eta, aldi berean, politikaren aldeko urratsak eskatuko dizkio. Eta dialektika horri eutsiko dio ETAren amaiera lortu arte, Erkorekaren arabera.

Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroaren irudiko, bestalde, indarkeria amaitzeko «apustu argia» egin du ezker abertzaleak. Haren ustez, «gauza garrantzitsuak» ari dira gertatzen mundu horretan, «historian lehen aldiz ohartu delako ETAren biolentziak ez diola mesederik egiten». Gisa berean, Eduardo Madina PSOEko diputatuak aitortu du ezker abertzaleapolitika egiteko «ahaleginak» egiten ari dela. Haren iritzian, egindako urratsak ez dira alferrik izango, baldin eta ETA armak uzteko konbentzitzen badu.

Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatua, berriz, ziur da ETArekin negoziazio bideak irekiko dituela Zapaterok. Haren ustez, «Zapaterok Rubalcaba eta Jauregi behar ditu ETArekin negoziatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.