konponbideari begira

Ezker abertzaleko kideen kontrako epaiketak "konponbidearen aurkako eraso larriak" direla salatu dute hainbat auzipetuk

Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak gaur Donostian egindako agerraldian nabarmendu du prozesua bertan behera uzteko ahaleginen gainetik Euskal Herria "konponbiderantz martxan" dagoela.

2012ko apirilaren 21a
17:18
Entzun

Ezker abertzaleko hainbat militante eta auzipetuk gaur goizean Donostian egindako agerraldian salatu dute "konponbide prozesu demokratikoaren aurka eraso larriak" izan direla ezker abertzaleko hainbat kideren aurkako epaiketak. Tartean aipatu dituzte D3M eta Askatasunaren aurkako "epaiketa politikoa", Bateragune auziari dagokion "sententzia politikoa" eta berriki bizitza osorako kartzela zigorra berresteko emandako "epai politikoa".

Prozesuaren aurkako erasorik ez. Konponbide garaia da leloaren bitartez, ezker abertzaleko militanteek "konponbide demokratikoaren eta aldaketa politikoaren eragile aktibo izateko konpromisoa" berretsi dute gaur.

Jose Maria Aznar Espainiako presidente zenetik gazte erakundeak, komunikabideak, herri mugimenduak, udal erakundeak eta eragile politikoak zanpatu dituztela salatu dute, eta ezker abertzaleko ehunka militante jazarri, atxilotu, espetxeratu, auziperatu eta zigortu dituztela gaitzetsi dute. 

"Prozesua bertan behera usteltzea eragin nahi dute, baina alperrik dabiltza. Mugimenduan den ura ez da sekula usteltzen. Eta Euskal Herria martxan da, konponbiderantz", esan du Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak.

Horrekin batera, epaiketen aurka maiatzaren 5ean Bilbon egingo den manifestazio nazionalera biltzeko deia egin dute. Hainbat hiri eta herritan egingo dituzten jardueren berri ere eman dute:

- Bihar jaialdia Kanpezun (Araba), Txiki-ren alde.
- Astelehenetik hilaren 27ra arte kanpaldia Gasteizen.
- Apirilaren 26an eskualdeko manifestazioa Algortan (Bizkaia).
- Apirilaren 28an manifestazioa Sestaon (Bizkaia).
- Apirilaren 28an eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia Donostiako Bulebarrean.
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.