Ezker Batuko 300 afiliatuk baino gehiagok manifestua sinatu dute Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren dimisioa eskatuz. Sinatzaileek alderdia "hausturara" eraman izana leporatzen diote Aranari; adostasunak bilatu beharrean EBren "gutxiengoa" den esparru bat soilik ordezkatzen duela esan dute.
Koordinatzaile nagusiaren dimisioa eskatzen duen manifestuak 311 izenpetze lortu ditu astebetean. Sinatzaile horietako batzuk aurkeztu dute gaur manifestua prentsa agerraldi batean; azaldu dute datorren asteartean izango den Kontseilu Politikoan eztabaidatuko dutela gaia.
Hamazazpi arrazoi eman dituzte dimisioa eskatzeko. Arabako Batzar Nagusiaren hautaketan Xabier Arregi PNVko hautagaiak EBk babesa ematearen truk dirua eta karguak eskatu zituela esan zuenean Aranak hartutako jarrera da arrazoi horietako bat. Sinatzaileen ustez, Aranak "diktadore" baten moduan jokatu zuen, "publikoki akusatu, epaitu eta kondenatu ditu EBko kide hauek beraiei aurrez gertakariak egia ote ziren gadetu ere egin gabe".
Akusazioetako beste bat kutxa bakarra hautsi eta Eusko Jaurlaritzako bere aulkiari dagozkion diru-sarrerak, berez EBrenak direnak, beretzat hartu izana da. Gaineratu dute, hauteskundeetan izan dituzten emaitza txarren gaineko erantzunkizunik ez duela hartu eta ez dela bere bulegotik agertu ere egin urte eta erdian, "bere soldatan guztien artean altuena den arren".
Manifestuan esaten da Aranak EBko organoak modu irregularrean deitu izan dituela, deialdiak ez dizkielako organoko kide guztiei bidali. Manifestuaren arabera, Aranak ez ditu taldeko estatutuak bete eta bera izan da bere burua alderditik kanpo jarri duena, bilerak egin baitutu "berak bakarrik eta etxebizitza pribatu batean". Dimisioa eskatzen duen talde honek dio Aranak iragarritako ber-afiziliazio prozesua "estalinista" dela eta eskubiderik gabe uzten dituela bere esanak betetzen ez dituztenak.
Aranak ez du dimisioa aurkeztuko
Aranak Radio Euskadin egindako adierazpenetan esan du ez duela bere dimisioa aurkeztuko ezohiko asanblada orokorrerako hiru hilabete falta direnean. "Nire dimisioa eskatzen duen taldeak lana nik baino hobeto egingo duela uste duten hautagai bat badute, asanblada orokorra da hura aurkezteko lekua. Nire ustetz, hau guztia nire aurkako sorginehiza da".
EBko koordinatzaile nagusiak esan du balitekela alderdiaren baitako zatiketa bat emate, "madrazismoaren ordezkari batzuk zatiketaz hizketan ari dira dagoeneko".
Alderdiko sei arduradun Aranaren alde agertu dira
Alderdiko sei arduradun Aranaren alde agertu dira. Hauek dira komunikatua kaleratu dutenak: EBko Antolakuntza arduradun Carmen Martiarena; instituzio arduradun Ubaldo Ortiz; ber-fundatze arduradun Mertxe Larrouy; Gipuzkoako lurralde arduradun Antton Karrera; EPK-ko idazkari Isabel Salud eta EBko korronte kritikoko ordezkari Angel Bao.