Ezker Batuak erreferendumean erabakiko du gaur azkenean Arabako Batzar Nagusietan dituen bi ordezkariek nori emango dioten botoa biharko bozketan. Bihar hautatuko dute Arabako batzarkideek ahaldun nagusia nor izango den. Ezker Batuak bi ordezkariek Xabier Agirreren alde bozkatzen badute, EAJkoa izango da ahaldun nagusi. Horrela ez bada, ordea, Javier de Andres PPko hautagaia izango da.
Aste honetan Ezker Batuak Nerea Galvez bere hautagaia aurkeztuko duela iragarri du. Mikel Arana koordinatzaile nagusiak, ordea, esan zuen horrek ez duela esan nahi Agirreren alde bozkatuko ez dutenik. EBren eta EAJren arteko negoziazioak, ordea, blokatu egin dira fiskalitate, ekonomia eta ingurumen arloetan, eta erabakia erreferendumera eramatea erabaki dute azkenean.
Gaur erabakiko dute alderdiko kideek norentzat izango diren bi batzarkideen botoa. Atzo hartu zuen EBko Arabako zuzendaritzak erreferenduma egitea, bi ordu eta erdiz bilduta egon ostean. Bi aukera emango dituzte: Nerea Galvez Ezker Batuko hautagari botoa ematea eta De Andresi ahaldun nagusi izateko bidea ematea, edo Agirreren alde bozkatzea.