Ezkerretik Bilduz ezker subiranista eta independentistaren eremuan sortu den taldea aurkeztu dute gaur eguerdian Altsasun, Iortia kulturgunean, "indar ezkertiar subiranisten metaketa antolatzeko eta egituratzeko" unea delakoan. "Ezker subiranista martxan jarri nahi dugu", adierazi du Nekane Garmendiak, prentsaurrekoan.
Ezker abertzalea kudeatzen ari den indar bilketarako estrategia ondo ikusi arren, gehiago sakondu behar dela iritzi dio taldeak. Beharrezkoa deritzote "eztabaida horizontala eta demokratikoa" izatea, eta "oinarri sozialak ahalmen handiagoa" beharko lukeela iritzi diote.
"Indar politiko, sindikal eta herri mugimendu ezkertiar-aurrerakoien itun taktiko-estrategikoa" nahi dute, besteak beste. Beste xedeak: Euskal Biltzar Nazionala, Udalbiltza, gune soberanistaren koordinazio taldea, gatazken konponbiderako talde teknikoa, aholkularitzarako Kontseilu Nazionala, independentziaren aldeko mugimendua, eskubide zibil, sozial eta politikoen aldeko mugimendua, amnistiaren aldeko mugimendua, memoria historikoa eta errepresaliatuen aldeko mugimendua. "Erakunde guztien oinarrian, herriz herriko edo auzoz auzoko gunearen lantaldeak egongo lirateke".
Espainiako eta Frantziako estatuekin "talka politiko eta ideologikoa suspertu" eta "krisi ekonomiko sistemikoari" aurre egin ahal izateko "tresna teoriko eta antolakuntzakoak eguneratzeko" gogoeta eta proposamen batzuk plazaratu dituzte. Kasu, uda aurretik mintegi bat egingo duela iragarri du Ezkerretik Bilduz-ek. "Eztabaida abiatzeko, Zutik Euskal Herria eta Euskal Herria Ezkerretik agirietan azaltzen diren hainbat gogoeta proposatzen ditugu".
60 bat lagun izan dira agerraldian. Besteak beste, Antxon Gomez eta Txarli Gonzalez ANVko kideak, Pedro Mari Olaeta EAkoa eta Arritxu Santamaria irakaslea.
Urizarren ustez, ez da talde kritiko bat
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Donostian emandako prentsaurreko batean esan du ezkerreko eta abertzaleen mugimenduko "aniztasunaren isla" dela Ezkerretik Bilduz, baina ez duela uste ildo edo talde kritiko bat denik.