Milaka lagun bildu dituzte Independentistak sareak Iruñean eta EAJk Bilbon Aberri Eguneko ekitaldietan. Aurrenak jendetza batu du manifestazioan —han izan dira ezker abertzalea, Aralar, EA, AB eta Alternatiba—, eta jeltzaleek Plaza Barria bete dute ekitaldi batean.
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatu dute biek, baina Independentistak sareak Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu duen bitartean, EAJk "Euskadiren" estatus politiko berria behar dela esan du.
Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak adierazi du burujabetzarekin "demokrazia eta justizia soziala" irabaziko lituzkeela Euskal Herriak, hau errepublika litzatekeela, eta arlo ekonomikoan ere erabakiak hartzeko burujabe izateak onurak ekarriko lituzkeela uste du. "Independentzia da aukerarik onena".
"Geurea da etorkizuna", esan du Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak, Bilbon. "Inortxok ez du guri dagokiguna erabakiko. Askatasuna da gure jomuga. Guztiok gara Euskadi. Eta guztion artean eraiki beharra dugu". Hori gidatzeko, ordea, "motorea EAJ" dela azaldu du. "Kontuz! Ez gaitezen nahastu. Mugimenduak motorea behar du. Eta motore hori hementxe dago. Euzko Alderdi Jeltzalea da Euskadiren motorea. Hemen dago Herri honen motorea!”.
Urkulluren arabera, "Euskadik Europan dagokion tokia" aldarrikatzen du, eta "EAJk lan egingo du Euskadi Europan nazioa izan dadin".