Asteartean urteurren "antidemokratiko eta tristea" betetzen dela esan du Alvarezek, Ainhara Armendariz Batasuneko Mahai Nazionaleko kidearekin batera Donostian eman duen prentsaurrekoan. Hala ere, ezker independentistak bizirik eta arlo politikoan lan egiteko gaitasunarekin segitzen duela nabarmendu du: "Ezker independentista presente dago, ez kalean bakarrik, baizik eta zuzenean edo zeharka, baita instituzioetan ere, eta proposamen politiko zehatzak egiteko gai da". Ondorioz, Madrilek ez duela Batasunaren ilegalizazioarekin erdietsi nahi zuen helburua bete iritzi dio SAko legebiltzarkideak, "helburua ezker abertzalea mapa politikotik desagertaraztea baitzen".
Espainiako Gobernuak "gerra bandera" astintzen duela esan du Alvarezek, eta jarrera hori areagotu egingo dela Espainiako hauteskundeei begira. EAJrekin ere oso kritiko agertu da; hain zuzen ere, jeltzaleek Euskal Herriko gatazka konpontzeko balio ez duten proposamenak plazaratzen ari direla iruditzen zaio, eta, gainera, bitarte horretan, Madrilek erabakitako neurriak aplikatzen dituztela. "Egungo egoera gainditzeko premia larria dago; Madrilek abian jarri, eta aurka dagoela esan arren, egiazki, EAJkaplikatzen duen politika horri irtenbideak ematekoa", adierazi du.
Ildo horretatik, ezker abertzaleak datozen hilabeteetan "bakea eta akordioak" bilatzen lan egingo duela aldarrikatu du SAko legebiltzarkideak: "Bakea ekarriko duen irtenbidearen eta gizarte eraikuntzaren alde lan egingo du, eta Euskal Herrian oinarri demokratikoak dituen eta autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen duen eszenatokia gura duen gehiengo sozial, sindikal eta politiko horren artekan akordio bila".Autodeterminazio eskubidean oinarritutako proposamen komunak lantzeko, ezker abertzaleak gainerako alderdiei "eskua luzatzen" diela erantsi du Alvarezek.
Ainhara Armendariz Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak, berriz, asteartean 'Ez apartheid politkoari. Autodeterminazioa' lelopean egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deialdia egin die herritar guztiei. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eguerdiko hamabietan egingo dira kontzentrazioak, Madrilek itxiarazitako egoitzen aurrean. Baionan, berriz, arratsaldeko seietan izango da, Espainiako Kontsulatuaren atarian.
Batasunaren ilegalizazioa
"Ezkerker independetista bizirik" dagoela, eta, beraz, Madrilek ez duela "helburua bete", nabarmendu du Joseba Alvarezek
Datorren asteartean, hilaren 26an, betetzen da urtebete Batasunaren egoitzak itxi zituztenetik. Hori dela eta, ezker abertzaleak elkarretaratzeak antolatu ditu egun horretarako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean zarratutako egoitzen aurrean, eta Baionan, Espainiako Kontsulatuaren atarian. Nolanahi ere, "ezker abertzalea bizirik" dagoela nabarmendu du Joseba Alvarez Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak, eta, beraz, Madrilek ez duela "helburua bete".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu