Kantonamendu hauteskundeek oreka batzuk pixka bat aldatu zituzten Ipar Euskal Herrian herenegun. Nahiz eta eskuineko kontseilari nagusiek nagusi jarraitzen duten, ezkerreko hautagaiek ohiz kanpoko gorakada izan dute.
-Ezkerra, gora: Alderdi Sozialistako hautagaiek emaitza onak lortu dituzte, oro har. Azpimarragarriena Jean Espilondo Angelu Iparraldeko kontseilari nagusiarena da, ia %40ra heldu baita. Baionako kantonamenduetan ere, PSko hautagaiek gaitzeko gorakada egin dute. Baiona Iparraldean, PSko hautagaia PCFko kontseilari nagusiari nagusitu zaio. PCFk, ordea, boz andana bat galdu du. Kantonamendu guztietan egin du behera. Ezker muturreko hautagaiek emaitza apalak lortu dituzte eta, gainera, PCFko hautagaia ez zen salbatzen ezker muturreko bozekin. Berdeek emaitza gorabeheratsuagoak izan dituzte. Hala ere, Lapurdi kostaldeko mapa politikoan beren tokia daukatela frogatu dute.
-Eskuina, indartsu: Gorabeherak eskuinean gertatu dira. Hala ere, Ipar Euskal Herriko gehiengoak eskuinari bozkatzen jarraitzen du. Alta, UMP eta UDFko hautagaientzat ez dira hauteskunderik hoberenak izan. Michel Arhanzet-ek eta Max Brissonek bigarren itzulian ere lehiatu behar izanen dute. Jacques Coumeten porrota ikusgarria izan da. Baionako kantonamenduetan, eskuineko hautagaiak inoiz baino zailtasun gehiagorekin daude. Duela sei urte baino emaitza anitzez txarragoak lortu dituzte.
-Abertzaleak, gora: Abertzaleek, hauteskundez hauteskunde, beti gora jarraitzen dutela berretsi dute. Zatiketak ez dizkie bozak galarazi eta hainbat kantonamendutan giltza izanen dira. Abertzaleen artean AB izan da alderdi indartsuena.
-FN, Behera: Ipar Euskal Herrian, FNko ia hautagai guztiek duela sei urte baino boz gutxiago eskuratu dituzte. Frantzian ez bezala, eskuin muturrak gibelera egin du.
KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK. LEHEN ITZULIA
Ezkerraren gorakada nabarmena
Ezkerraren eta mugimendu abertzalearen gorakada, UMPren gorabeherak eta FNren beherakada gertatu ziren herenegun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu