Uste baino ezusteko handiagoa izan zen atzo Alderdi Sozialistarentzat. Eskuinarentzat ere bai. Xanpain botila franko izan zen PSren egoitzetan eta Izpurako herriko etxean, Frantxoa Maitiaren herrian. UDF eta UMPkoek xanpain guti. Baionan sekulako zafraldia hartu zuten.
Ustekaberik handiena Baiona Mendebaldeko kantonamenduan gertatu zen. Duela aste bateko emaitzen arabera, matematikoki, Jean-Louis Domergue UDF-UMPko kontseilari nagusiak ez zeukan aulkiaren galtzeko arrisku izpirik. Monique Larran-Lange politikan hasi berria zen sozialistak, doi-doietarik kendu dio aulkia.Jean-Louis Domerguek porrota onartu eta «erretreta politikoa» hartzea erabaki du.Baiona Mendebaldeko aulkiarekin, PSk aurreikuspen hoberenak gainditu ditu. Kasu hoberenean lau aulki lortu beharrak zituen. Azkenean bost izanen dira. 21 kantonamendutik hamar berritzen ziren Ipar Euskal Herrian. Erdiak PSrentzat izanen dira. Gaitzeko balentria da ezkerreko alderdi horrentzat, kontuan izanik Ipar Euskal Herriak gehiengo handiz eskuineko hautagaien alde bozkatu ohi duela.Frantzian PSk lortu dituen emaitza ikusgarriek Ipar Euskal Herriko emaitzetan ere eragin dute. Ezkerraren emaitzak kantonamendu guztietan hobetu dira. Baionako hiru kantonamenduak eskuratu ditu, orain arte bakarra zeukalarik. Baiona Iparraldean, Christophe Martinek Christian Millet-Barbe UMPkoa errautsi du, bozen %65,23rekin. Alta, ez zen interes gehien piztu zuen kantonamendua. Baiona Ekialdeakoari so jarriak ziren begi guztiak joan den astean. Igande arratsean, ordularia aitzinatu ahala, interes guztia mendebaldean ezarria zen, minutuak joan ahala Domergue eta Larran-Langeren arteko tartea gero eta ttipiago baitzen, azken unean PSkoak gaina hartu arte.Jerome Agerre Jean-Rene Etxegarairi nagusitu izana bigarren planora iragan zen. Edo begi-bistakotzat jotzen zen. Ia ahanzten zen, uste baino anitzez emaitza hobearekin lortu zuela kontseilari nagusi kargua. Bozen %44rekin geldituz, Jean-Rene Etxegarai galtzaile atera zen. Ukaldi handia Baionako eskuinarentzat eta Jean Grenet auzapezaren taldearentzat.
Espilondo, berrindarturik
Ezkerraren gorakadak indar handia eman dio Jean Espilondo Angelu Iparraldeko kontseilari nagusi sozialistari. Diputatu aulkia galdu zuenean ahuldurik atera zen, baina oraingoan Angeluko alternatiba serioa dela frogatu du. Robert Villenave auzapezari aise nagusituz, hiru urteren buruan Herriko Etxea konkistatzeko aukera berriak dauzkala pentsa dezake. Andre Labegueriek ere emaitza ona lortu du Miarritzen; Espilondoren ideietakoa da bera.
Paueko biltzarretan, PSko bi joerako jendeak gurutzatuko dira. Jean Espilondo jakobinoak Frantxoa Maitia euskal departamenduaren aldekoa ere izanen du ondoan. Maitiaren aspaldiko ametsa egia bihurtu da. Eskualdeko hauteskundeetan ezkerrak emaitza onak lortu ditu Garaziko kantonamenduan ere. Baina lau hamarkadaz Michel Intxausperen alde bozkatu duen kantonamenduan, oroz gainetik, Frantxoa Maitiaren alde bozkatu dute, PSkoaren alde baino gehiago. Bosgarren aldian aurkeztu ondoan irabazi ditu hauteskundeak.Tematuz gero, barnealdean ere irabaztea posible dela erakutsi du Izpurako auzapezak. Ruben Gomezek badu itxaropentsu jarraitzeko arrazoirik. Michel Arhanzet Atharratzeko kontseilari nagusiaren emaitzak anitz ahultzea lortu du. Inongo alderdi politikotan ez den auzapez ezkertiar sutsu horrek ezkerreko bozemaileak eta gehiago bildu ditu bere inguruan. Eskualde hauteskundeetan, gainera, ezkerrak ia %60 boz lortu ditu. Sei urteren buruan Atharratzeko kantonamendua konkistatzeko aukerak agertu zaizkio.Alderdi Sozialistak hiru urteren buruan hitzordu garrantzitsua dauka. Kantonamenduen bertze erdiak berrituko dira. Igandeko oldearen zati bat mantentzen bada, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusia ezkerrera pasa liteke. Orain arte, ez da pentsatu ere horrelako zerbait gerta zitekeela . Haatik, hiru urte luze da. Frantziako ezkerraren gorabeherak biziki aldakorrak dira, eta ez da errana orduko kantonamendu hauteskundeetan PSk testuingurua aurten bezain aldekoa izanen duen.
KANTONAMENDU HAUTESKUNDEAK
Ezkerraren ustekabeak
Ipar Euskal Herrian berritu diren hamar kantonamenduetatik bostetan PSko kontseilari nagusia aukeratu dute eta, aurreikuspen guztien kontra, Baiona Mendebaldean ere PSko hautagaia nagusitu zaio eskuinekoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu