«Ilusio handiarekin» ari da hauteskunde kanpaina egiten. Animatuta dago, gogotsu. Nonbait lehendakari izateko hautagaitza azkenekoz aurkeztu izanak indar handiagoa ematen dio hamabost eguneko kanpaina neketsuari aurre egiteko. Javier Madrazo Ezker Batuko lehendakarigaiak (Riaño, Kantabria, 1960) argi dauka: bere alderdia da ezkerreko politika «gardentasun osoz» defendatzen duen alderdi bakarra.
Bosgarren eta azkeneko aldiz aurkeztu zara Ezker Batuko lehendakarigai. Zergatik azkenekoz?
Badelako garaia. Gainera, uste dut ondo egin dezakeen jendea egon badagoela. Horrek ez du esan nahi politika utziko dudanik. Azken aldia daukat, eta gogotsu nago, ilusio handiarekin, borrokatzeko prest, emaitza onak izateko helburuarekin.
Zein mezurekin lortu nahi duzue herritarren botoa?
Herritarrei helarazi nahi diegu asko dagoela jokoan. Krisialdi ekonomiko sakonean gaude, eta herritarrek ondo pentsatu behar dute nori emango dioten botoa hauteskunde egunean. Izan ere, orain liskarrean dabiltzan horiek, EAJ eta PSE, hauteskundeen ostean ados jarriko dira aberatsei zergak jaisteko orduan, bankuari dirua emateko orduan, enplegua erregulatzeko eskaerak sindikatuen babesik gabe onartzeko orduan... Herritarrek jakin behar dute nor defendatuko dituen euren interesak.
'Soilik ezkerra da zuen leloa'. Ez zarete bakarrak ezkerreko politikak aldarrikatzen dituzuenak.
Ez dakit nork aldarrikatzen duen soilik ezkerra. Argitasun eta gardentasun osoarekin bakar-bakarrik Ezker Batuak aldarrikatzen du. Euren burua ezkertiartzat duten beste alderdiek beste gai batzuei ari diete garrantzia ematen. Badira ezkerreko politikak aldarrikatu bai, baina gero eskuineko politikak egiten dituztenak, alderdi sozialista, esaterako. Beraz, euren burua soilik ezkertiartzat duten horiek argi esan dezatela, eta hauteskunde karteletan jar dezatela ezkerrekoak direla.
Hauteskunde osteko itunak egitean, ordea, nekez egin ahal izango da soilik ezkertiarra den koaliziorik.
Ezkertiarra ala eskuindarra izatearena proposamenetan ikusi behar da. Zein da ezkertiarragoa, PSE ala EAJ? Nik esango nuke biak berdintsuak direla, zentrokoak edo erdi-eskuinekoak. Alderdi sozialista ezkertiarra dela esaten da. Baina zertan da ezkertiarra? Immigrazio politikan ez da ezkertiarra, ezta zerga politikan, energia politikan, azpiegituretan eta ingurumen politikan ere. Praktikan, alderdi sozialista zerbaitetan desberdintzen al da EAJ eta PPrengandik? Etiketa ederra daramate, historia bat badute, nostalgia... Baina aurrera daraman politika, nolakoa da? Arazoa da kanpoko bilgarri horrek funtzionatu egiten duela, ezkerreko jende askok botoa ematen baitie, nahiz eta ezkerreko politikarik egin ez.
Ezker Batuak gobernuan izan behar duen paperaren gainean eztabaida sakona izan duzue duela gutxi. Barruko ika-mika horrek eragina izango du hauteskunde emaitzetan?
Ez, alderdia oso batuta dago, sekula baino batuago. Edonola ere, gai horri buruz edo beste gai batzuei buruz iritzia eman behar zutenek esan dute esan beharrekoa, eta kito, ez da ezer gertatzen. Gure alderdia plurala da, eta gardentasunez jokatzen du. Ez zaio gai horri garrantzi handiagoa eman behar. Kontu horiek anekdotikoak izan dira, baina hedabideetan gehiegizko oihartzuna izan dute. Oihartzun horren atzean guri kalte egiteko interes politikoak zeuden.
3 eserleku dituzue. Zein da zuen erronka? Horiei eustea?
Botoetan eta eserlekuetan emaitzak hobetu nahi ditugu, Euskadik ezkerra indartsua behar duelako. Nor egongo da bestela Cegasako, Mercedeseko edo Michelineko langileekin? Nor egongo da langabeziaren mehatxua dutenekin, edo hipoteka ordaidu ezin dutenekin? Nor egongo da horiekin? Hori da jendeak ongi pentsatu behar duena. Gero herritar asko harritu egiten da botoa eman dion alderdiak zer egiten duen ikusten duenean, eta guregana jotzen du. Baina guk daukagun indarraren araberako laguntza bakarrik eman dezakegu. Horregatik, abagune honetan ezinbestekoa da ezker indartsu bat izatea.
Haatik, azken hauteskunde deialdietan behera egin duzue botoetan.
Kontuan hartu behar da ezkerrak Europan duen egoera zaila dela, eta gu ez garela testuinguru horretatik kanpo geratzen. Europako ezker antikapitalista eta alternatiboa ez dago garairik hoberenean. Izquierda Unida ere ez dago egoera hoberenean Espainian. Euskadiko egoera konplexua da, eta inportantena da gure espazioari eutsi egin diogula.
Ibarretxeren eta Lopezen arteko polarizazioaren ondorioak pairatzen ari da Ezker Batua?
Argi dago baldintza desberdinetan lehiatzen ari garela. Haiek hedabide guztiak dituzte eskura, kanpaina izugarriak egiten dituzte... Hala ere, egoera horretan Ezker Batua nahiko ongi defendatzen ari da bere burua, eta bere mezuak eta ekimenak zabaltzen ari da. Polarizazioa EAJri eta PSEri interesatzen zaie. Eta hauteskunde kanpaina amaitu bitartean are eta gehiago indartuko dute polarizazio hori. Baina eztabaida ez da Ibarretxe ala Lopez. Euskadik behar duen eredu ekonomiko eta fiskalaren inguruko eztabaida egin behar da. EAJk eta PSEk eredu ekonomiko eta fiskal berbera defendatzen dute, baita energia, ingurumen eta azpiegitura eredu berbera ere. Zein eredu behar dugu? Krisialdiari aurre egiteko porrot egin duen eredu neoliberala ala aberastasuna banatzen duen, zerga politika progresista, enplegu egonkorra, eta zerbitzu publikoak bultzatzen dituen ezkerreko eredu soziala? Hori da eztabaida.
Baina PP ez beste alderdiekin prest zaudete akordioetara iristeko...
Programaren arabera egin nahi ditugu bakarrik itunak. Guk ez ditugu egingo akordioak siglen arabera, hauteskunde egitarauaren arabera baizik. Beraz, ezkerrean eragiteko gaitasun handiagoa dugun tokian izango gara gu, hala gobernuan nola oposizioan. Ezkerreko interesak defendatzeko eraginkorren garen tokian, han izango gara. Edozelan ere, gobernua eratzeko negoziazio prozesu bati ekiten badiogu, egitarauan oinarrituko gara beti. Hori egin du Ezker Batuak azken urteotan. Eta, 3 eserleku bakarrik izanda orain arte inork utzi ez duen arrasto ezkertiarra eta aurrerakoia utzi dugu.
PSEk eta PPk bat egingo dutela ziurtzat ematen duzue. Zertan oinarritzen zarete hori baieztatzeko?
38 eserleku egiten badute, bat egingo dute. Duela lau urte Maria San Gilek Patxi Lopezen aldeko botoa eman zuen lehendakarirako inbestiduran; duela gutxi Nafarroan IUN eta NaBairekin gobernu aurrerakoia egin beharrean, PSNk eskuineko alderdi batek gobernatzea ahalbidetu zuen... Froga gehiago behar da, ala? Nik ez dut esaten elkarrekin gobernatuko dutenik, baina nire galdera da: PSEk PPren botoak onartuko al ditu Lopez lehendakari izan dadin? Lopezek ez dit oraindik galdera horri erantzun.
EAJ kritikatzen ari zarete hauteskunde kanpainan. Ez al da kontraesana, harekin batera gobernua osatzen ari zaretenean?
Ez, ez... Guk lau urterako programa daukagu, eta politika zehatz batzuk martxan jarri nahi ditugu, baina horrek ez du kentzen beste alderdi batzuekin desberdintasunak izatea. Hala ez balitz, gehiengo osoa izanda bakarrik gobernatuko genuke. Programaren gainean adostasunak bilatu nahi ditugu, eta ados ez gauden puntuetan erdibideko akordioak egin nahi ditugu, baina horrek ez du kentzen batzuekin eta besteekin aldeak izatea ereduetan eta proiektuetan. Argi dago Ezker Batuak indar handiagoa izan ahala, gaitasun handiagoa izango duela gobernuan eragiteko. Beraz, aldaketa ez da etorriko, Lopezek dioen moduan, bata kenduz bestea jartzeko; aldaketa ezkerreko politikaren bidez bermatu behar da, eta gaur egun ezkerreko politika ordezkatzen duen bakarra geu gara.
Eusko Jaurlaritzan egotea lehentasuna da EBrentzat?
Gure lehentasuna da ezkerreko politika martxan jartzea, eta Euskadik ezkerrerantz egitea. Hori da gure lehentasuna.
'Ez nazionalismorik. Ez espainolismorik'. Hori aldarrikatzen duzue zuen leloarekin. Eztabaida identitarioa alde batera utzi nahi duzue?
Hala da. Krisialdi ekonomiko itzelean gaude, langabezia gora doa, herritar askoren etorkizuna eta ongizatea mehatxatuta dago... Hori da benetako arazoa, eta ez abertzaletasunaren eta espainolismoaren arteko auzia.
Baina identitatearen arazoaren inguruan zer proposatzen du EBk?
Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko lan egiten jarraitu behar dugu. Eta gai horretan urrun gaude alderdi sozialistak proposatzen duenarekin, besteak beste, Estatutua garatu gabe duelako, ez duelako erabaki eskubidea babesten, eta Alderdien Legean oinarritutako bakegintza politika proposatzen duelako. Gai horietan bestelako norabidea hartu beharko luke PSEk, gurekin gobernu akordioa egin ahal izateko.
Atxikimendu libreko federalismoa defendatzen duzue. Zehazki, zertan datza?
Herrien erabaki eskubidean oinarritutako egitasmo bat nahi dugu, Estatuko beste herriekin batera. Euskadik Estatuko beste herriekin batera proiektua izatea nahi dugu, eta hori gure identitatea eta erabakitzeko eskubidea errespetatuz egin behar da. Gainerako herriekin batera bizi behar dugu, estatu propioa izateak haustura dakarrelako.
Datozen lau urteetan 100.000 lanpostu sortzeko konpromisoa hartu duzue. Nola lortu nahi duzue?
Zerga politika alternatiboa proposatzen dugu 20.000 milioi euroko diru sarrera izan ahal izateko, eta diru horrekin enplegua sortzeko. 20.000 milioi euroko diru sarrera osagarriarekin, zerbitzu sozialetan, etxebizitza publikoetan edota energia berriztagarrietan inbertituko genuke, eta, horrenbestez, lanpostuak sortuko lirateke. Zerga politika aldatu barik nahi dituzte lanpostuak sortu beste alderdiek, eta hori jendea engainatzea da.
Zergatik da hain garrantzitsua EBrentzat Herritarren Partaidetzarako Legea sortzea?
Ezinbestekoa delako demokraziak aurrera egitea, eta horretarako herritarrek beren etorkizunaren jabe izan behar dute. Uste dugu herritarrek parte hartzeko eskubidea dutela, eta ez bakarrik lau urtean behin. Euskal gatazkari buruz ez ezik, beste gai batzuen inguruan ere -Euskal Y-a, errauste plantak, zentral termikoak, koke plantak...- iritzia ematea ere garrantzitsua da. Beharrezkoa da parte hartze eta kontsultarako mekanismoak legez arautzea, politikaren sinesgarritasuna berreskuratu nahi bada.
Notario aurrean sinatu dituzue herritarren aurrean hartutako konpromisoak. Zergatik?
Norberak esandakoaren eta egindakoaren jarraipena egitea garrantzitsua delako. Herritarrek eskubidea izan behar dute hauteskundeen ostean kontuak eskatzeko, hartutako konpromisoak betetzeko exijitzeko. Hauteskunde programa kontratu sakratua da Ezker Batuarentzat, eta horregatik prest gaude notario baten aurrean sinatzeko.
Eta hitz emandakoa ez baduzue betetzen, zer?
Herritarrek batez ere zigor etikoa, soziala eta politikoa ezarri ahal izango digute.
Hortaz, herritarrek ezin izango zaituztete auzitegietara eraman hitz emandakoa betetzen ez baduzue?
Ez, ez dut uste. Batez ere balio politikoa dauka ekimenak.
Ezker abertzaleak ezingo du hauteskundeetara aurkeztu. Zein eragin izango du horrek egoera politikoan?
Eragin kaltegarria izango du, noski. Izan ere, indar politiko guztiek Legebiltzarrean ordezkatuta egon beharko lukete. Ezker abertzalea ez egotea ez da ona, egingo diren akordioek ez dutelako erabateko adostasuna izango, eta elkar ulertzea zaildu egingo delako. Gainera, EAJri eta PSEri mesede egingo die, dagokiena baino ordezkaritza handiagoa izango dutelako.
Eratuko den Eusko Legebiltzarra demokratikoa izango da?
Legebiltzarraren ordezkaritza ez da egiazkoa izango. Legezkoa izango da, baina ikuspuntu demokratiko batetik bere ordezkaritza ez da benetakoa izango. Maila demokratiko txikia izango du eratuko den Legebiltzarrak.
ELKARRIZKETA. Javier Madrazo (EB)
"Ezkerrean eragiteko gai garen tokian egongo gara"
Botoetan eta eserlekuetan emaitzak hobetu nahi ditu Ezker Batuak martxoaren 1ean. Hauteskundeen ostean alderdien programetan oinarrituta soilik egingo ditu itunak, siglak alde batera utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu