Datorren igandean egingo dute Ipar Euskal Herrian departamendu bozetako bigarren itzulia, eta lehen itzulian bigarrenetik kanpo geratu zirenak egunotan ari dira argitzen nor babestuko duten. Uztaritze-Errobiko ibarrak-Urdazuri kantonamenduan EH Bai eta eskuineko independenteak lehiatuko dira bigarren itzulian.
Marie Bleiker eta Joel Di Fabio Ezkerreko Batasuneko hautagaiek ohar bat plazaratu dute, eskerrak emanaz lehen itzulian bozkatu zituztenei. Azaldu dute "ezkerreko ideiek" bultzatuta jokatuko dutela bigarren itzulira begira, eta EH Bai aipatu gabe, esan dute "ezkerreko balioak" ordezkatzen dituen alderdiari emango diotela sostengua, eskuinari "hesia" jartzeko.
Kantonamendu berean, Marie Jose Laffite Lefebvre eta Jean louis Laduche independenteek iradoki dute koalizio subiranista babestuko dutela. UMP eta EH Bairen egitasmoak kontrajarri dituzte, koalizio abertzalearen lehentasunak jardun soziala, garraio publikoa, garapen ekonomikoa eta oreka ekologikoa direla zehaztuta.
Asteartean, ekologistek eskuinaren aurka bozkatzeko deia egin zuten.