Ezkerreko beste bozak beharrezko ditu PSk

UMP eta Forces 64 zerrendek aitzinetik adostua zuten bigarren itzulian elkar sostengatuko dutela

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Kantonamendu gehienetan eskuinaren eta ezkerraren emaitzak hurbil geratu dira, eta bi aldeek beharrezko ukanen dituzte beste zerrenden bozak. Astelehenean hasi eta atzo jarraitu zuten Alderdi Sozialistak Ezkerreko Frontearekin zein Europe Ecologie Berdeekin egin bilerek. Dagoeneko Europe Ecologie Berdeetako zerrendaburu batzuek jakinarazi dute sozialistentzat bozkatuko dutela, «Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusian ezkerra nagusitzea dutelako helburu». Baionakoek, haatik, ez dute hautagairik hobetsi. Ez da hain sinple Ezkerreko Frontearentzat. Luzaz eztabaidatu eta zenbait gauzatan ados jarri badira ere, garraioei buruz eta bereziki AHTaren finantzaketaz dituzten iritzi ezberdinak ikusiz, ez dute sozialisten alde bozkatzera deitu.

Alta, Baiona ekialde eta mendebaldean, Angelu iparraldean, Bastidan, Garazin eta Atharratzen Alderdi Sozialistak beharrezkoak izanen ditu boz horiek, lehen itzulian baino boz parrasta gehiago beharko dituztelako eskuinari garaitzeko. Hain zuzen, UMPk eta Forces 64k elkar sostengatuko dutela adostua zuten lehen itzulia baino lehen.

EH Baik herenegun jakinarazi zuen ez zuela hautagairik hobestuko. Hala eta guztiz ere, UMP, PS eta Forces 64 alderdiei lau galdera egin dizkie: etorkizun instituzionala eztabaidatu eta herri kontsulta egiteko ados dauden, euskara hizkuntza ofizialtzat hartuko duten, AHTaren ordainketa bertan behera utziko duten eta Kontseilu Nagusiak bake prozesua laguntzeko zer ekarpen eginen duen. EAJk ez du boz kontsignarik eman.

Baionan, eskuina zatiturik

Baiona mendebaldean, haatik, eskuinaren bateratzea ez da hain sinple. Elkarren artean haserre eta desadostasunean diren eskuineko hautagai anitz ziren aurkezturik. François Gouffrant Alderdi Erradikaleko hautagaia da soilik bigarren itzulira pasatu, eta ez du ez Forces 64 ez eta UMP zerrendaburuen sostengua. Henri Etxeto sozialistak garaile ateratzeko aukera badu, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.