Arerio politikoak zirenak ezkerreko indarrak metatzeko ibilbidean bidaide izatera deitu zituen Matutek atzoko ekitaldian. Koherentziaz jokatzeko agindua ere eman zuen, eta, horrexegatik, Euskal Herriko alderdi eta sindikatuetako ordezkaritza zabala bildu zuen Alternatibaren I. Nazio Biltzarraren osteko ekitaldira.
Alderdiaren oinarriak eta estrategia gizartearekin partekatu aurretik biltzarra egin zuten Alternatibako militanteek. Bilboko Arrupe Etxean bilduta, feminismoa, antikapitalismoa, demokrazia eta ekologismoaren irizpideak berretsi zituzten.
Ekitaldi irekian, ondoren, alderdiko kide ugarik hartu zuten hitza, Alternatibak oinarrizkotzat onartu dituen oinarrien berri gizarteari emateko. Ikus-entzunezko aurkezpena ere egin zuten, Alternatiba nola eta zergatik sortu zuten azaltzeko.
Aurkezpenera, alderdiko militanteekin batera, Euskal Herriko politikako eta sindikalismoko ordezkari ezagunak bertaratu ziren. Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Iñaki Olalde izan ziren, Pello Urizar eta Maider Carrere Eusko Alkartasunatik, Aintzane Ezenarro eta Jon Abril Aralarretik eta Zutik Gorripideko Mikel Isasi.
LSB, Euskadiko CCOO, EILAS, EHNE eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere izan ziren Alternatibaren ekitaldian. Sonia Gonzalez aritu zen LABen ordezkari. Bestelako erakundeetako ordezkarien artean, besteak beste, Lokarriko Paul Rioszegoen.
2008ko abenduan alderdia sortu zuteneko biltzarraren jarraipena iritzi dio Matutek atzokoari. Nabarmendu duenez, orain arteko denboran, «hausnarketarako eta mobilizazio zein borroka ugaritan parte hartzeko aukera» izan du Alternatibak: bestelako eredu sozioekonomikoaren alde, ingurumena babesteko ekimenetan, feminismoan edota Euskal Herriko bakegintzarako Gernikako akordioan.
Ibilbide horretan, ezkerreko herri ekimen, alderdi eta sindikatuekin batera aritu direla gogorarazi du Alternatibako bozeramaileak: «Ekintza politikorako bide berriak jorratu behar ditugu, orain arte arerio izan ditugunak aliatu edo adiskidetzat hartuta».Abiapuntu horretatik, «gehiengoak osatu» eta EAJk, PSE-EEk eta PPk ordezkatutako botere ekonomikoa gainditu nahi du Matutek, «hitz ederrak ez baitira nahikoa, ezkerraren iraultza gauzatzen hasi beharra dago».
Euskal Herriak duen abagune politikoarekin «itxaropentsu» azaldu da, bestetik, Alternatibako burua, aro politiko berria «ikuspegi desberdinak eta oztopoak gainditzeko lagungarri» izan daitekeelako.
Bozetarako koalizioak
Bozetara begira ere jarri da Alternatiba, eta azaldu du zein den bere asmoa. Estrategia «bikoitza» abiatuko du 2011ko udal eta foru hauteskundeei begira. Udalei dagokienez, tokian tokiko aliantzak egiten saiatuko da ezkerreko indarrekin. Foru aldundietarako, berriz, koalizio bakarra osatu nahi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako.
Politikagintza eta ezkerra bera iraultzera ere deitu du Matutek, gizarteak erakunde politikoen jokabidean aldaketa suma dezan: «Esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko koherentzia dagoela ikusi behar dute».
Estatutuengakoak
Errotiko demokrazia. «Gehiengo zabalen kalitatezko parte-hartze aktiboa bilatzea».Erakunde feminista. «Sozialismoaren borrokak banaezina du patriarkatuaren aurkakoa».
Sozialismoa. «Eredu ekonomiko eta sozial alternatiboaren premia du gizarteak».
Euskal Herria. «Subiranotasuna definitzeko eta autodeterminazio eskubiderako garaia da».
Internazionalista. «Sistema aldatzeko borrokan ezin da tokikoa eta globala bereizi».
Herritartasun unibertsala. «Indarrean dauden arrazakeria eta xenofobia gainditu beharra».
Ezkerreko aliantzak. «Eskuma gainditzeko ezker subiranisten indar metaketa behar da».
Hauteskundeak. «2011ko udal eta foru hauteskundeetarako aliantza estrategikoak bilatzea».
Borrokarako ezkerra. «Mendekotasun sistemak gainditzeko agenda ezker berriak sortuko du».
Militantzia. «Proposatutakoaren eta eginikoaren arteko koherentzia».