Ezkerrekoa eta globala

Adituen arabera, denboraren poderioz, hasierako definiziorik eza gainditu egin du M-15 mugimenduak, eta ildo jakin batzuen inguruan egituratu da.

2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Mugimendua sortu zen egunetan M-15ean parte hartu zuten hainbat pertsonak neutraltasun politikoa irudikatu nahi izan zuten. Ez zuten fenomenoa ezker-eskuin eskema klasikoaren arabera sailkatzerik gura. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, bileretatik irtendako eskariek argi utzi zuten mugimendua ezker politikoaren esparruan kokatzen zela, eta mundu osoko arazoak zirela haren kezka nagusia. Hala uste dute EHUko irakasle eta gizarte mugimenduetan aditu Mario Zubiagak eta Jesus Casquetek.

Dena den, Zubiagak gogora ekarri ditu Madrilgo Plaza del Solen 2011ko maiatzean bildutakoek hauteskunde sistemaren inguruan egindako eskabideak, haren ustez, «jarrera populistatik gertu» zeudenak. Hala ere, bilerak auzoetara mugitzean, dinamika «askotarikoak» eratu direla uste du: «Bestelako planteamendu batzuk sortzen ari dira, sistema bera ere kolokan jartzen dutenak». Casqueteren irudiko, ostera, «hasieratik nabaria zen mugimenduaren zigilu aurrerakoia».

Bestalde, bi irakasleen iritziz, sorrerako bizitasuna gainditu ostean ikusgaitasuna galdu du mugimenduak, baina antolakuntza arloan aurrera egin du. Zubiagak azaldu duenez, «askoz ere modu eraginkorragoan eta egonkorragoan» lan egiten du M-15ek auzoetan errotu denetik. «Sendotzen ari da fenomeno soziopolitiko gisa». Casquetek gaineratu du ohikoa dela gizarte mugimenduak sortzen diren unean «ikusgaitasun faseak» izatea: «Horiek laburrak dira, halabeharrez, mugimenduei ezinezko egiten baitzaie etengabeko mobilizazioari eustea». Une horren ostean, gizarte mugimenduek «eguneroko lanari ekinez diraute bizirik».

Casqueteren ustez, M-15 «ezinegon globalaren ispilu izan da Espainian». Mundu osoko arazoei aurre egiteari eta mobilitzatzeko orduan sare sozialak erabiltzeari garrantzi handia eman diote mugimenduko kideek, baina, haren esanetan, horiek dagoeneko ez dira «berritasunak»: 1999an, Seattlen (AEB) globalizazioaren aurka izandako mobilizazioetan, biltzeko metodo berberak erabili zituzten manifestariek. Halaber, gizarte mugimenduen internazionalizazioa «XIX. mendetik ezaguna» dela gogoratu du. Zubiagak, berriz, fenomenoak erabilitako «eremu publikoaren okupazioa» azpimarratu du «berritasun taktiko» gisa.

Kanpora begira

Euskal Herriaren eta mugimenduaren arteko harremana era desberdinean ikusten dute Casquetek eta Zubiagak. Lehenegoaren ustez, «mugimenduaren eskariak unibertsalistak dira, ulergaitzak muga jakin batzuen barnean», eta, ondorioz, «ez dago M-15 euskal baldintzetan interpretatzerik».

Zubiagak, berriz, Espainiako eta Euskal Herriko «dinamika politikoen desberdintasuna» nabarmendu du. Haren irudiko, «Espainian ordezkaritza politikaren eta politika tradizionalaren krisi larria dago», eta horrek azalduko luke fenomenoak herrialde horretan izandako arrakasta. Alabaina, uste du Euskal Herrian ez dagoela «alderdi politikoetan oinarritutako politikaren krisia». Hala, Zubiagak uste du euskal politikan alderdiek oraindik ere «potentzialitatea» dutela, «aldarrikapen nazionala irekita dagoelako».

Horrenbestez, Arriagan mobilizatu ziren pertsonak «motor nazional horretatik kanpo» kokatu ditu Zubiagak. Haren esanetan, «sinbolikoki Madrildik gertu dagoen jendea» bildu zen Bilboko plazan. Etorkizunera begira, M-15 Bilbo Handia ez den Euskal Herriko beste edozein eskualdetan finkatzea «oso zail» ikusten du. «Hiri fenomenoa da M-15».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.