Abertzalea bai, baina ezkertiartzat jo al daiteke ibilbide politikoa EAJn hasi zuen bat? Sabin Intxaurragak (Zeanuri 1949-2010) askotan eman zituen azalpenak gai honi buruz. Gaztetatik izan zuela garbi ezkerrekoa eta abertzalea zela, orduko Herri Gaztedi zeritzan mugimenduko kide zenetik. Garbi zuen beste ideia bat zen bere pentsamendu horrek ezin zuela bat egin indarkeriaren erabilerarekin. Atzo hil zen Intxaurraga, gaueko hamarretan, Gurutzetako ospitalean, gaixotasun larri baten ondorioz.
Mugimendukide gehientsuenek ez bezala, EAJren hautua egin zuen, «aukera garbi bakar» gisa aurkeztu zitzaiolako. Konturatzerako, Bizkai Buru Batzarreko zuzendaritzako kide egin zuten, besteak beste Iñigo Agirre, Anton Ormaza, Xabier Arzalluz, Juan Jose Pujana, Juan Ajuriagerra, Sabin Zubiri, Josu Bergara eta Iñaki Anasagastiren alboan.
Carlos Garaikoetxeak bere idazkari izendatu zuen, 1979an Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakari izendatu zutenean, eta berarekin eraman zuen urtebete geroago Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean. 1984ko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrera aurkeztu zen eta baita aulkia lortu ere, EAJtik. 1986an, EAJ zatitu zenean, Garaikoetxearen inguruan sortutako Eusko Alkartasunera joan zen, estatutuetan alderdi sozialdemokrata marka zuen taldera hain zuzen.
Urte horretatik aurrera, alderdi barruan eta legebiltzarkide gisa lanean jardun zuen Intxaurragak. Legebiltzarkide 1999 urtera arte izan zen jarraian, eta alderdiaren barruan Bizkaiko egituran ibili zen hasieran, eta Euskal Herrikoan geroago.
Legebiltzarkide kargua utzi zuen 1999an, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu izendatu zutelako, eta egiteko horietan jardun zuen bi urtez. 2001ean, berriz, Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro sailburu izendatu zuten, eta legegintzaldi bat eman zuen kargu horretan, 2005eko hauteskundeak arte.
Inpaktu handiko proiektuak
Eusko Jaurlaritzako sailburu lanetan azken lau urteetan egindako lanak ezagunago izan dira, urte horietan erabaki baitziren ingurumen inpaktu handiko proiektu nagusietakoak, egun eraikitzen ari diren edo eraikitzear direnak. Eta Intxaurragak Jaurlaritzarekin, diputazioekin eta talde ekologistekin talkak izan zituen gai horietan.
AHT abiadura handiko trenaren gainean, adibidez, trenbidea eraikitzeak ingurumenari inpaktu itzela egingo ziola onartu arren, proiektu estrategikoa zela —lurralde egiturari begiratuta— eta etorkizunean ingurumenari onurak ekarriko zizkiola —merkantzien garraioa errepideetatik kenduko zituela— esan zuen.
Pasaiako kanpo portua ez zuen ez estrategikotzat eta are gutxiago ekologikotzat jotzen, eta kontra azaldu zen, batetik Pasaia berpizteko bestelako esku hartzeak egin behar zirela uste zuelako eta egungo portua ere hobe ustiatu zitekeela uste zuelako, eta, bestetik, ingurumen kalte larriak eta premiarik gabekoak eragingo zituelako. Modu bertsuan azaldu zen Bilboko hegoaldeko saihesbidearen gainean, garraio sistema eramanezina bultzatzen zuelako.
Baina legebiltzarkide eta sailburu izan zenaren ustez politika gustatzen zaion batentzat bere herriko alkate izatea zen ohorerik handiena. Intxaurragak hamabi urtez izan zuen ohore hori, 80eko eta 90eko hamarkadetan.
Kritiko ildo ofizialarekin
Alderdi barruan, mende hasierarekin batera, Intxaurraga ildo ofizialaren bidearekin ados ez, eta Eusko Alkartasunak ezkerreko talde abertzaleekin elkarlana bultzatu behar zuela aldarrikatzen hasi zen. Desadostasunak areagotu egin ziren, eta 2003ko Biltzar Nagusian Begoña Errazti lehendakariari lehiatu zion postua.
Zeanurikoarekin batera, ildo kritikoan Anjeles Iztueta eta Gorka Knörr ziren alderdiko aurpegi ezagunak. Intxaurragak eta bere ildoak galdu egin zuten Biltzar hartan, eta hasieran bai berak eta bai Iztuetak Jaurlaritzako karguak galdu egingo zituztela uste izan bazen ere, azkenean legegintzaldia amaitu bitarte jarraitu zuten Ingurumen eta Hezkuntza sailetan. Handik aurrera, ordea, Intxaurraga, Iztueta eta Knörr desagertu egin ziren politikaren lehen lerrotik, haien erabakiz baino gehiago EAren zuzendaritzarenaz.
Bigarren lerrotik politikan
Europako Parlamenturako iazko hauteskundeetan EAko ordezkari gisa aurkeztu zen Ezkertiarrak eta Independentistak zerrendan, baina bosgarren lekuan, ERC, BNG, Aralar eta Berdeen ordezkarien atzetik.
Hauteskunde horien parentesia salbu. bigarren lerroan eman ditu azken bost urteok. Bigarren lerroan, baina ezkerretik datorren independentismoaren bultzatzaile lanetan jardun du, etaazken hilabeteotan nabarmendu da gehien. EAk ezker abertzalearekin hitzartutako Indar politiko independentisten arteko akordioaren oinarri estrategikoak agiriaren izenpetzaile izan da eta Gernikako Akordioaren izenpetze ekitaldian ere parte hartu zuen.
Irailaren 11n eskubide zibil eta politikoen alde deitutako bi manifestazio debekatu zirenean, bera izan zen kamera eta grabagailu gehienen jomuga, bigarrenaren deitzaileetako bat baitzen. Manifestazioa egin ez zedin hurreratutako ertzainekin hitz egitera joan behar izan zuen eta ugari dira une hori erretratatu zuten argazkiak. Egun hartan, Bilboko Kafe Antzokian ernatu zen eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua.
Politikan hasi zenetik amets zuen ezkerreko indar abertzaleen metaketa egikaritzen hasi den unean hil da. Ametsa errealitate egin gabe dagoen baina errealitate bilakatzear den unean. Ez du ikusiko, bainalortzen bada Intxaurragak jarritako alearengatik ere izango da.
Ezkertiarra eta abertzalea
Sabin Intxaurraga EAko kide eta Jaurlaritzako sailburu ohiak indar ezkertiar eta abertzaleen batasunaren alde jardun du azkenaldian. Atzo hil zen, gaixotasun larri baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu