Gipuzkoako Ezkio Itsaso eta Nafarroako Deikaztelu artean egin asmo duten goi tentsioko linearen proiektua geratzeko eskatu dute 216 udal eta kontzejuetako 170 alkatek. "Herritarrak aurka egon arren, Red Electrica de Españak proiektua gauzatzeko izapideekin jarraitzen du. Urgentziaz egin nahi du, gainera", salatu dute Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak eta Maria Jose Sagastik Deikaztelukoak. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak elektrizitatearen sektorerako datozen urteetarako dituen egitasmoak argitu arte gutxienez, bertan behera uzteko eskatu dute.
Goi tentsioko linearen aurkako plataformako bozeramaile Alberto Friasek gogorarazi du 2008an egindako energia aurreikuspenak kontuan hartuta erabaki zela proiektua egitea. «Ekonomia %3 haztea aurreikusten zen orduan. Argi dago aurreikuspen erabat okerra zela. Errealitatea oso bestelakoa da».
Espainiako Gobernuak eta enpresak berak egindako txostenak egoera aldaketa hori onartzen dutela azaldu du Friasek. "Espainiako Gobernuak lege dekretu bat kaleratu zuen, plangintza berri bat egitea aginduz, eta plangintza horrek egoera ekonomikoa kontuan hartu behar zuela gogoratuz". Bestalde, bihar amaituko da Deikaztelun, atzotik proiektuaren aurka egiten ari diren bizkileta martxa. Leitzatik eta Altsasutik hasi zuen martxan, eta gaurtik batera dira bidea egiten.