Eztabaida bizia, sutsua izan zen herenegun gauean Hamaika telebistan EAJ, EA, Aralar eta ezker abertzaleko ordezkariek egin zuten mahai-inguruan, Esatea libre saioan.
Hainbat gai jorratzekoak ziren ordu eta laurden iraun zuen programan, baina Nafarroa Baiz jardun zuten ordubetez Joseba Egibarrek, Iñaki Agirrezabalagak, Jon Abrilek eta Marian Beitialarrangoitiak, Naroa Iturri kazetariaren gidaritzapean. Koalizioaren barne eta kanpo tirabirak erakutsi zituzten alderdietako ordezkariek, eta hurrengo hauteskundeetan EA eta ezker abertzalea NaBain ez direla egongo ondorioztatzeko moduko jarrerak ikusi ziren. Egibarrek amaiera aldera esandako esaldiak ongi laburbiltzen du egoera: «Hau jada ez dago konpontzerik gauden garaiotan, hauteskundeen atarian».
Bateraezintasuna bai eta ez
Aralarrek, EAJk eta independenteek atea itxi diote ezker abertzaleari NaBain sartzeko, eta EAri ezker abertzalearekin dituen akordio estrategikoak —Lortuarte eta Euskal Herria ezkerretik— Nafarroan hausteko exijitu diote, koalizioan jarrai dezan. EAk NaBairen aldeko apustua berretsi zuen, baina ezker abertzalearekin dituen hitzarmenei eutsita. Eta ez zitzaion «ulergarri» egin Agirrezabalagari beste koaliziokideek ez bereiztea akordio elektoral bat (NaBai) eta estrategikoa —ezker abertzalearekin hitzartutakoa—. Era berean, NaBai Nafarroako eskuina boteretik kentzeko alternatiba gisa aurkeztu nahi bada, ahalik eta indar metaketa handiena egin behar duela defenditu zuen. Iritzi bereko azaldu zen Beitialarrangoitia, zeinarentzat ez den ulergarri puntu askotan ados egonda batera ezin joatea.
Abrilek eta Egibarrek NaBai eta Lortu Arte eta Euskal Herria ezkerretik bateraezinak direla ihardetsi zuten. «EAk bi kontratu egin ditu: bata lehengoari eusteko eta bestea estrategikoa. Baina akordio estrategiko horrek ere eragina izango du hauteskundeetan», esan zuen Egibarrek. Abrilek, berriz, ezkontza batekin parekatu zuen afera: «Bat ezin da birekin ezkondu. Edo bat edo bestea aukeratu behar du».
Ezkontzaren gaiari, ezker abertzaleko ordezkariak erantzun zion, ezkonduta ere «lagunekin harremanak» izan daitezkeela.
Aralarko eta ezker abertzaleko ordezkarien eztabaida aprobetxatu zuen Egibarrek «arazoaren muina» azaltzeko: «Hemen arazoa ezker abertzalearen eta Aralarren arteko lehia da», esan zuen, baina geroago ere onartu zuen aferak baduela gehiago: «Gaur egun ezinezkoa da EAJ eta ezker abertzalea koalizio berean egotea, ez Nafarroan ezta inon ere».
«Difamazioak»
Ezker abertzalea NaBain sartzea ez ezik, EA koalizioan gelditzea batzuentzat «deseroso» dela ere aipatu zuen Agirrezabalagak, eta gogorarazi zuen NaBai, koalizio gisa, ez dela oraindik ezker abertzalearekin bildu haren balizko sarreraz mintzatzeko.
Eztabaidak une gogorragoak izan zituen Abrilek eta Beitialarrangoitiak elkarri difamatzea leporatu ziotenean; ezker abertzaleko kideak Aralarrek eta EAJk Madrilen hitzarmenen bat dutela iradoki zuenean, eta Aralarko ordezkariak ezker abertzaleari NaBai hausten saiatzea eta koalizioan sartzeko asmorik sekula ez izatea leporatu zionean.
Egungoak bezala, iraganeko zauriak itxi gabe dirautela ere ikusi zen,eta une batzuetan kazetariak ordena jarri behar izan zuen, eta Egibarrek berak ere lasaitasuna eskatu zuen. Hori, ordea, ez zen erabat lortu, harik eta NaBairen gaia amaitu, eta ezker abertzalearen legalizazioaz mintzatzen hasi ziren arte. Gai horretan denak ados jarri ziren.
@Mahai-ingurua osorik ikusteko: www.hamaika.tv
Ezkontideez eta lagunen harremanez
EAJ, EA, Aralar eta ezker abertzaleko ordezkariak Nafarroa Bairi buruz hizketan, Hamaika telebistan. Arrazoia nork duen ezin argitu; ez direla ados jarriko argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu