Marcos komandanteordearen mezua

EZLNko buru Marcos komandanteordeak barkamena eskatu dio Euskal Herriari

EZLN Nazio Askapenerako Armada Zapatistako buru Marcos komandanteordeak barkamena eskatu dio Euskal Herriari Arabako Hala Bedi irratiari bidalitako mezu baten bitartez. Antza denez, 2003an orain Zero ordezkaria izena duen Marcos komandanteordeak Baltasar Garzon epaileari eta ETAri gutun bana bidali zien eta ETAri behin behineko su etena eskatzeaz gain Lanzaroten (Kanariar Uharteak) Euskal Herriko egoeraren gainean eztabaidatzeko bilera bate egiteko proposamena egin zuen, besteak beste. Gaur Zero ordezkariak barkamena eskatu dio Euskal Herriari orduan egindako "akats pertsonalarengatik".

2006ko otsailaren 7a
19:38
Entzun
Radio Insurgente EZLN Nazio Askapenerako Armada Zapatistaren irratiaren bidez bidali dio Zero ordezkariak mezua Arabako Hala Bedi irratiari. Euskal Herriko lagun guztiak agurtu ondoren EZLNko buruak zorionak eman dizkio Hala Bedi irratiari 20 urte bete dituelako irrati libre bezala lanean. Zero ordezkariak gonbita luzatu dio Hala Bedi irratiari Candonako VI. Adierazpenaren harira nazioartean zabaltzen ari den ekimenean parte har dezan. EZLNko buruak azaldu duenez, ez dakite nola gauzatuko den adierazpenaren helburua. Oraingoz, "jendea gonbidatzen ari gara bere iritzia eman dezan, parte har dezan eta proposamenak egin ditzan. Ondoren guztien artean adostuko dugu non izango den bilera handi hori aberats eta boteretsuei aurre nola egingo diegun ikusteko", azaldu du Zero ordezkariak.

Era berean, Hala Bedi irratia baliatu du Euskal Herriari barkamena eskatzeko: "Barkamen zintzoa eskatu nahi diot Euskal Herriari, gure baldarkeriagatik, nire baldarkeriagatik Euskal Herriak bizi dituen erasoak bizita elkarrizketa edo bilera bat adosteko ekimena bultzatzen saiatu nintzenean". Zero komandanteak honakoa gaineratu du: "Borrokarako duten erabakitasun berarekin eskatzen diegun barkamena emateko prestutasuna izango dutela espero dugu".Aurrera begira gogotsu jarraitzeko deia luzatu dio EZLNko buruak Euskal Herriari. 2003an ETAri eta Baltasar Garzon epaileri bidalitako eskutitzak tarteko elkarrizketarako proposamena egin zuen Marcos komandanteordeak. Gaurko mezuan zein akatsez hitz egiten ari zen zehaztu ez duen arren, dirudienez 2003ko ekimen horren gainean eskatu du barkamena Zero ordezkariak.

Askapenaren jatorrizko herrien inguruko elkartasun kanpaina

Markos komandanteordearen mezua prentsaurreko batean aurkeztu dute gaur Hala Bediko Iñaki Ziarsolo eta Ruben Sanchezek eta Askapenako kide Walter Wendelinek. Azaldu dutenez, komandanteordearen mezua Askapena jatorrizko herrien inguruko elkartasun kanpaina burutzen ari den unea iritsi da. "Kanpainarekin jatorrizko herrien askotariko errealitatea ezagutarazi nahi dugu baina beraiei ahotsa ematea da gure helburuetako bat, beraiek beren buruaz zuzenean hitz egitea".Era berean, kanpainaren helburu nagusietako bat herrien arteko elkartasuna bultzatzea da: "Burujabetzaren bidetik gaur eta bihar zer nahi dugun erabaki eta gauzatu nahi dugun herrien arteko elkartasuna".

Une honetan, Mexikon Txiapaseko herriak La otra campaña izenekoa bultzaten ari direla gogorarazi dute. Hain zuzen ere, "azpian eta ezkerrean" dagoena adierazi, borrokatu eta komunikatzeko topagune bat aurkitzeko ahaleginetan. Modu horretan, Askapenak Candonako VI. adierazpenari atxikimendua agertu dio eta Euskal Herriko gainerako eragile sozial, politiko eta sindikalei deia egin diete eurek ere gauza bera egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.