EZTABAIDA FRANTZIAKO LEGEBILTZARREAN. LURRALDE EGITURA. Lurralde elkargoaren aldarria ez du isildu Sindikatu Mistoaren aukerak

Iparraldearentzat aipatu kolektibitateen arteko elkartzeak Lurralde Kolektibitatearen eskaera areagotu du. Garapen eta Hautetsien Kontseiluek baikorki hartu dute Poulouren hitzartzea

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Pays egitura desagertzen denez, Ipar Euskal Herriari zein antolakuntza juridiko eman behar zaion galdetu du Frantziako Legebiltzarrean Daniel Poulou lapurtar diputatuak. Ofizialki ez bada baieztatua ere Sindikatu Misto egituraren, hau da, kolektibitateen arteko elkartzearen sorrera aipatzen da. Proposamenaz zer dioten galdetu diegu Ipar Euskal Herriaren ezagupena eskatzen duten eragileei.

BATERA
«Sindikatu Misto batek ez du ezer ikustekorik Lurralde Elkargo batekin»

«Daniel Poulouk hainbat herritar eta hautetsien kezka azpimarratu du, eta arrangura hau Batera plataformarena da ere. Berresten dugu eskumen propioak dituen eta herritarrek zuzenki bozkaz hautatu Lurralde Elkargo baten sortzea dela aterabide koherente eta eraginkor bakarra. Sindikatu Misto egiturarekin ez du ezer ikustekorik! Parisen bataila politiko bat irabazia izan dela erratea gezurra litzateke. Jadanik aski korapilatsua den eztabaida horrek ez du nahasketa handiagoa ekar liokeen elementurik behar. Batera-k Lurralde Elkargo baten sortzerako prozesu politiko baten beharraz azalpen eta gizarteratze lana segituko du».

PEIO ETXEBERRI-AINTXART. ABko bozeramailea
«Ipar Euskal Herriarentzat ez da sasi tresnarik sortu behar »

«Ele biziki ederrak dira baina Daniel Poulou ez da sekulan argiki agertu Batera-k eraman dinamikaren alde. Zinez hori pentsatzen badu, Batera-ren kanpaina sostengatu beharko du, orain egin ez duen bezala. Euskal Herriaren eta euskal herritarren botza entzunarazi nahi badu, gutxiengoa litzateke han izatea. Sindikato Mistoa ez da aukera bakarra, perspektiba arras ezberdinak izan daitezke. Oraingoz ABk bere izenean ez du bat hobesten eta Batera-ren dinamikan lerrokatzen da. Honek etorkizun instituzionalari buruzko kontsulta eskatzen du eta debate hori sortuko denean herritarrek hobetsiko dute instituzio mota bat. Gu ez gara nehor hautatzeko. Dena den, Sindikatu Mistoa maila apaleko egitura bat da, eta ez da sasi tresnarik sortu behar Ipar Euskal Herriarentzat».

JEAN-BAPTISTE ETXETO. Garapen Kontseiluko lehendakaria
«Euskal parlamentariekegin lanaz asea naiz»

«Euskal parlamentarioek eraman lanaz izugarri ase naiz. Hiru aldaketa proposamenk onartu zituzten eta gainera oso ongi eraman dituzte Legebiltzarrera. Sindikatu Mistoari doakionez tresna juridiko bat da eta inportantea da begiratzea zein eduki ematen diogun. Orain arte dugun gobernantza moldeak jarraitu beharko du, hau da, Euskal Herriko lurralde kolektibitate, departamendu eta eskualdearekin harremanetan. Guk hasitako lana jarraitu eta hobetu nahi dugu. Hobetu nahi dugu, pixka bat gehiago instituzionalizatuz. Beraz, izango dituen eskumenei begiratzea da inportanteena».

XABI LARRALDE. Batasuneko bozeramailea
«Autonomia behar dugu, herri bat garelako eta egitura hau delako eraginkorrena»

«Egiazko egitura instituzional bat behar dugu, eta hori Autonomia da. Onarpen politiko bat behar duen herri bat garelako eta egitura hau delako eraginkorrena. Gainera oroitarazibehar da egitura hauek bultzatuak direlaEuropa osoan. Ez naiz batere ados Sindikatu Mistoaren proposamenarekin. Erraitea Ipar Euskal Herriarentzat zerbait behar dela oso ongi, baina egitura honek eskumenak eta aurrekontu bat behar du. Hori demokrazia arau bat da, tokiko egiturek haien diru iturriak behar dituzte eta diru iturria ez bada tokikoa erantzukizun politikoa ez da osoa. Hain zuzen, udaletxe edota Kontseilu Orokorreko anitz ahal finantzario Parisetik dator».

JEAN-JACQUES LASSERRE. Hautetsien Kontseiluko lehendakaria
«Asea naiz, horrelako egitura mota bat nahi ukandudalako betidanik»

«Poulouk gure nahiari erantzun dio. Hiru egitura aukera ikertu genituen. Nik delegaturiko eskumenak lituzkeen erakunde bat nahi ukan dut betidanik. Beraz, asea naiz. Eskertzen dut Poulou, baita Jean Lassalle, Jean Grenet eta François Bayrou, gure parlamentari guztiek segitu gaituztelako. Sindikatu Mistoa aipatua izan den aukera bat da, orain guri dagokigu honen eraikitzea. Herri kolektibitateen, departamenduaren eta eskualdearenonespena behar da. Zeren argi da nik ez dudala onartuko Sindikatu Misto bat sortzea, honen baitan ez badira gure finantzaile nagusiak (departamendu eta eskualdea) kausitzen».

FILIPE LAZKARAI. Autonomia Eraiki-ko bozeramailea
«Zein eskumen behar ditugun eztabaidatzeko eta argitzeko elkar bildu behar dugu»

«Baieztatzen da azkenaldi hauetan edozein alderdi politikoetako agintariak, edozein aktore sozial zein politiko, denak ados direla errateko Euskal Herriak behar duela tokiko beharrei erantzungo duen egitura instituzional bat. Konstatozio hau denek berdin egiten dugu. Abertzaleok Euskal Herriaren ezagupena ere behar dela gehitzen dugu eta hori aldarrikatzen dugu. Euskal Herria 2010, Euskal Herria 2020... badu aspaldi Euskal Herri honetan, Pays kontratuak egiten direla eta Sindikatu Mistoa horrelako beste neurri bat besterik ez da. Bere aldera doa, eta ez du batere argitzen zein mailetan gobernu tresnak emanen dituen. Gure irudiko biziki inportantea da elkar biltzea. Elkar bildu gaitezen, denok koordinatu gaitezen funtsezko gaia aipatzeko: zein eskumen behar ditugun argitu behar da. Hori da egiazko eztabaida, denok elkarrekin eztabaidatu behar duguna».

JEAN TELLETXEA. EAJko kidea
«Poulou jarrera defentsiboan da, orain arte daukaguna mantendu nahi du»

Bi politika daude bizian: defentsiboa eta ofentsiboa. Poulou defentsiboan da, orain arte duguna mantendu nahi du. Gu EAJn borrokan gaude urrunago eramateko, egoera alda dadin; hor oraina mantentzen da: Pays egitura, Hitzarmenak, Garapen eta Hautetsien Kontseiluak mantendu behar dira. Bai, egia erreforma honekin daukaguna arriskuan dela. Baina... Larriena da Frantziak eta tokiko hautetsi handiak ez direla biharko Euskal Herria eraikitzen saiatzen. Sindikatu Mistoa kapelu batetik atera dute; ez da tokiko hautetsi handietarik heldu ez, ezta ere erreforma hau landu duten pertsonetarik. Zein egitura eta zein eskumen behar den gogoetatu behar da. Gaur egun ez dakigu deus».

Frantziako Legebiltzarrean lurralde antolaketari buruz egiten ari den eztabaidan pisu gutxi duIpar Euskal Herritik azken urteetan egitura propio baten alde egin den aldarrikapenak.

'Pays'-ei agur, Sindikatu Mistoei aupa?

J. B. Baiona

Nahiz lurralde kolektibitateentzako Estatuko idazkari den Alain Marleixek ofizialki ez jakinarazi, zurrumurruek dioteSindikatu Misto bat izan daitekeela Ipar Euskal Herriarentzako egitura berria. Honek 90. hamarkada hasieraz geroz Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoak osatzen duten Pays egitura ordezkatuko luke. Hain zuzen, Frantziako Gobernuak abiaturiko lurralde berrantolaketaren erreformak hauen desagerpena dakarrelako. Egitura honen haritik osatu ziren Garapen eta Hautetsien Kontseiluak. Hauek ere indar asko galduko dute.

Hori dela eta bi erakundeen ahultzeaz kezkaturik, Kontseiluak parlamentariekin harremanetan jarri ziren, haien desadostasuna Parisen entzunarazteko xedez. Hautetsiek onartu zuten eta elkarren artean adosturik Daniel Poulou lapurtar diputatuak hitza hartu zuen herenegun Legebiltzarrean. Zehaztu duenez, Euskal Herriari zein antolakuntza juridiko eman dakikeen galdetu dio Gobernuari. Erantzun ofizialik ez baldin bada ere oraindik, Sindikatu Misto batek ordezka lezake orain arte dagoena. Kolektibitate ezberdinen arteko kooperazioa da egitura hau. Hala balitz, finkatu behar lirateke kolektibitateek Sindikatu Mistoei delegatu beharko lizkieketen eskumenak. Posibilitate honekin «asebeteak» dira bi Kontseiluak, nahiz Garapen Kontseiluko lehendakari den Jean-Baptiste Etxetok zehaztu «eskumenak argitu» behar direla. Pays egituren desagerpena jakin bezain laster, Ipar Euskal Herriarentzat beharrezko den egiturari buruz gogoetatzen duen lan taldea osatu zuten Garapen eta Hautetsien Kontseiluek. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearentzat, hiru aukera dituzte landuak: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea; bigarrena, delegaturiko eskumenak lituzkeen erakunde publiko baten sortzea; eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen erakunde publikoa.

Honenbestez, ez da beraz izango Ipar Euskal Herrian hainbat eragileek eskatzen duten Euskal Lurralde Elkargoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.