Politika

Eztabaida, gero eta beroago EAJren eta Sorturen artean

Elkarbizitzarako "oztopoa" izatea leporatu dio Ortuzarrek Barrenari, eta "egiak esatea" ez dela oztopo erantzun dio hark.

2016ko martxoaren 10a
14:27
Entzun

EAJ eta Sortu mokoka ez ezik zaunkaka ere ari dira elkarri. Iñigo Urkulluk Michelinen egindako adierazpenetatik sortutako eztabaida are gehiago berotu du gaur Andoni Ortuzarrek. Izan ere, "txuloa" izatea eta "hitz egiteko, elkar ulertzeko eta elkarbizitzarako oztopoa" izatea aurpegiratu dio Pernando Barrena Sortuko bozeramaileari.

Barrenak berak ere gogor hitz egin zuen EAJren kontra herenegun. Biktimekin kanpaina egitea aurpegiratu zion, eta ohartarazi zuen ez duela onartuko jeltzaleek erakusten duten "nagusitasun morala". Estatu indarkeriari buruz autokritika egiteko eskatu zion EAJri, eta azalpenak eskatu dizkio presoen sakabanaketa politikan izandako erantzukizunagatik, baita legez kanporatzeen garaian izangako jarreragatik ere.

Horrek sutu egin du Ortuzar, eta ez du haserrea ezkutatu. "Oztopoa" deitu dio Barrenari. Eta gaineratu du EAJk ez duela arazorik iraganaz hitz egiteko, ez duela beldurtzen ondo egin dutenaz gain gaizki egin dutenaz hitz egiteak. "Nahiz eta beste batzuei deseroso egiten zaien iragan hurbila gogora ekartzea".

Pernando Barrenak Twitterren erantzun dio Ortuzarri: "Egiak esatea oztopoa izatea da Andoni Ortuzarren ustez".

Astelehenean hasi zen guztia, Gasteizen. Michelin lantegian, Luis Abaitua ETAk 1979an bahitutako enpresaburua hartu zuen gogoan Urkulluk. Otegi aske geratu bezperan, Espainiako zenbait hedabidek azpimarratu zuten bahiketa hartan parte hartzeagatik zigortu zutela egun Sortuko idazkari nagusi dena. Urkulluk, Abaitua gogoratzean, ez zuen Otegiren izena berariaz aipatu, baina Barrenak eta ezker abertzaleko beste kide batzuek gogoratu dutenez, enpresaburu horrez gain, enpresa horretan gatazkaren ondorioak pairatu dituzten eta pairatzen ari diren pertsona gehiago daude, eta horiek ez zituen gogoan hartu; Otegirekin batera auzi berean zigortu eta preso jarraitzen duen Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia eta Michelin enpresako langile izandakoa, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.