Eutanasia

Eztabaida handia AEBetan eutanasiaren inguruan

Azken 15 urteetan koma sakonean dagoen Terri Schiavo 40 urteko emakumezkoaren kasuak eutanasiaren inguruko eztabaida handia piztu du AEBetan. Schiavoren senarraren eskaerari kasu eginez, bizirik mantentzen duten makinetatik askatzeko agindu zuen joan den ostiralean Floridako epaile batek. AEBetako Legebiltzarrak eta Gobernuak, ordea, erreakzio azkarra izan dute erabaki horren aurka, eta Schiavoren gurasoei helegitea aurkezteko aukera ematen dien legea onartu dute. Horrenbestez, berriro ere makinetara lotuko dute emakumezkoa.

2005eko martxoaren 21a
12:43
Entzun
AEBetako Legebiltzarrak ohikotik kanpoko saioak egin ditu asteburuan Schiavori eutanasia aplikatzea eragozteko. Hala, ostiralean Floridako epaile batek emandako agindua —15 urte koma sakonean daramatzan emakumea bizirik iraunarazten duten makinetatik askatzekoa— gerarazteko legea eztabaidatu eta bozkatu dute Senatuan zein Kongresuan. Ganbera bietan aurrera atera da Schiavoren gurasoei tribunal federaletan helegitea aurkezteko aukera ematen dien legea, eta, gainera, George Bush presidenteak segituan sinatu du lege berria, beste auzien gainetik erabateko lehentasuna emanez.

Finean, errepublikanoek bere egin dute Schiavoren gurasoen eskaera eta eutanasiaren kontrako ekimena.

Bushek legea sinatu eta gutxira aurkeztu dute koman den emakumearen gurasoek helegitea, eta, horrenbestez, epaile federalak une batetik bestera Schiavo makinetara lotzeko aginduko duela espero da.

Floridako estatuko epaile baten aginduz ostiralean askatu zuten Schiavo bizirik mantentzen duen tresnetatik, eta berriro lotzen ez badute hamar-hamabost egunen buruan hilko da. Hain zuzen ere, senarrak hasitako auzibideari arrazoi emanez agindu zuen epaileak koma sakonean den gaixoa makinetatik askatzeko. Senarrak dio emaztearen hautua dela makinetatik askatzea, haren borondatearen kontrakoa delako landare baten gisan bizitzea.

Floridako epaile horren erabakiak eutanasiaren inguruko eztabaida handia piztu du AEBetako iritzi publikoan, eta, esan bezala, errepublikanoen eta gizarteko sektore kontserbadoreenen erreakzio sutsua eragin du.

Nolanahi ere, Schiavoren auzia aspalditik dator. 2001ean askatu zuten lehendabiziko aldiz makinetatik, senarraren eskaera aintzat hartuz, baina gero epaile batek berriro lotzeko agindu zuen. Urrats bera egin zuten 2003an, eta orduko hartan Jeb Bush Floridako gobernadore eta AEBetako presidentearen nebak agindu zuen emakumea berriro tresnetara lotzeko.

1990ean sartu zen koma sakonea Terri Schiavo, bihotzekoa izan eta denbora tarte luze batean burmuina odol hornikuntzarik gabe eduki ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.