Carles Gillot. Stop Bales de Goma

«Eztabaida ireki eta beste polizia eredu bat eraiki behar da»

Gomazko pilotak debekatu zituzten Katalunian «itxuragabeko salerosketa» baten ondoren. Baina ezbaian polizia eredua dagoela uste du, eta hori gizarteak erabaki behar duela.

gurutze izagirre intxauspe
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Carles Gilloti (Bartzelona, 1972) kosta egiten zaio oraindik ispilura begiratzea. Badira ia hamalau urte Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz begia galdu zuela. Ez da bakarra. Kaltetuak elkartu egin ziren, beste polizia eredu bati buruzko gogoeta zabaltzeko. Stop Bales de Goma sortu zuten, baina gogoeta gomazko pilotetatik harago doa.

2001ean galdu zenuen begia, Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Zer eman du bide judizialak?

Begia lehertu zidaten Bartzelonan, eta tiroa eman zuenaren plaka zenbakia identifikatzea lortu nuen, eta deklaratzera deitzea. Hasieran onartu bazuen ere, gero ukatu egin zuen tiro egin zuela, eta epailea ordezkatu egin zuten. Segituan artxibatu zuten salaketa. Bide judizialean segitu nuen, eta Auzitegi Nazionaleraino iritsi.

Baina han ere ez zuten aintzat hartu ezta?

Ez. Argudiatu zuten arrisku egoeran jartzea erabaki nuela, eta onartu egin behar nuela. Orain Estrasburgon dago auzia, ez dakigu tramiterako onartuko duten.

Gomazko piloten arriskuari buruzko eztabaida hedatzea lortu zenuten Katalunian. Nola lortu zenuten oihartzuna?

Nik begia galdu nuenean, gauza bera gertatu zitzaien beste batzuekin jarri nintzen harremanetan. Eta ustea zen etorri bezala hartu behar genuela kontua, etsipenez. Baina 2007tik aurrera, pilotakadak jaso zituzten bost kasu jarraian gertatu ziren. Barrenak eskatzen zidan haiekin esperientzia partekatzeko.

Minean bat egite aldera?

Bai. Kolpe psikologiko handia da. Hamalau urteren ondoren ispiluan begiratzen diot neure buruari, eta oraindik ez naiz ohitzen, ez naiz lehen nintzena. Begiradak aldatu egiten dira. Akatsa non, hara begiratzen du jendeak. Bestalde, begi bat falta baduzu bi dimentsiotan ikusten duzu, ez hirutan. Horrek esan nahi du ez dakizula zer distantziatara dagoen igotzera edo jaistera zoazen eskailera, ez dakizula nola heldu eskura pasatzen dizuten gauza bat, baloiari ostikoa ematen hasi eta airean ematen duzula hogei zentimetro urrutiago dagoelako... egunerokoak dira. Elkarri laguntzeko talde bat osatzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun.

Gizarteratze lana ere egin zenuten.

Bai. Begiratu nahi genuen ea talde moduan salaketarik jartzeko aukerarik ba ote zegoen, instrukzio fasetan kasu guztiak artxibatzen ari zirelako. Hortik sortu zen Stop Bales de Goma.

Nola iritsi zen legebiltzarrera?

Katalunian mossoekin zerbait gertatzen ari zela hasi zen ikusten jendea. Polizia etxeetako tratu txarrak, indarkeriaren neurrigabeko erabilera... gizartean hedatua zegoen gaia.

Zer helburu zenuten?

Ez genuen nahi batzorde bat gomazko piloten erabileraren protokoloa zehazteko. Eztabaida ireki nahi genuen, proiektilen inguruan informazioa jaso eta eztabaidatzeko. Baina parlamentuan gobernuak ez zuen bere izenean hitz egiten. Mossoek esaten zieten politikariei batzordean zer esan behar zuten. Ohartu ginen mossoek jarraitu beharreko irizpideak ez zituztela politikariek ezartzen.

Baina lortu zenuten gomazko piloten erabilera debekatzea.

Subiranismoaren berregitea gertatzen ari zen. ERCk eta CiUk nahikoa gehiengo zuten balantza alde batera edo bestera eramateko. Eta Poliziak neurria galdu zuen berriz. Kolpeka pertsona bat hil zuen. Juan Andres Benitez zen, Bartzelonan homosexualentzat aisialdirako dagoen zirkuituko enpresaburu aski ezaguna. Jendea poliziaburuaren dimisioa eskatzen hasi zen. Eta parlamentuan, itxuragabeko salerosketa zeken batean, CiUk ERCrekin adostu zuen gomazko pilotak debekatzea, baina poliziaburuaren dimisioa ez onartzea.

Zer eragin du poliziak horrelako erabakietan?

Polizia saltzea egotzi zioten ERCri eta CiUri poliziako sindikatuek. Presioa egiten dute. Beldurra eragiten segitu nahi dute.

Polizia eredua dago eztabaidaren muinean?

Bai. Eztabaida ireki nahi dugu. Poliziak izan ditzakeen armez harago, ezbaian polizia eredua jarri nahi dugu. Basakerian, korporatibismoan eta inpunitatean oinarritzen den polizia eredua iraultzea da oinarrizko eztabaida.

Zer deritzozu horrelakoetan justiziak egiten duen lanari?

Inpunitatea harritzekoa da, bai arlo judizialean, bai erakundeenean. Tratu txarrengatik edo poliziaren bat zigortua izan den kasu gutxienetan ere, gobernuak indultatu egiten ditu! Hor dago muineko eztabaida. Planteatzen dugu eztabaida irekitzea, proposamenak egitea eta denen artean eraikitzea beste polizia eredu bat, harritzekoa eta beldurtzekoa baita poliziak duen indarra.

Nola bizi izan duzue Cabacasen heriotza?

Nola liteke hildako bat izanda mahai gainean, garbi dagoenean ertzain baten tiroak hil zuela, hiru urte igaro, eta oraindik ezer ez jakitea? Gutxienez epaiketa egin beharko zen ezta?

Legez besteko proposamen bat eztabaidatu da legebiltzarrean. Zer garrantzi du gaia legebiltzarrera eramateak?

Arlo judizialean esaten ari badira ni arrisku egoeran jartzen ari naizela nahita, eta beraz arrisku hori onartu behar dudala, arlo politikoan hori iraultzea oso zaila da.

Justizian dago, beraz, gakoa?

Nik prozesu judizial bat hasi nuen erantzukizuna argitzeko. Salaketa guztiak artxibatu dira. Ia hamalau urte daramat bide judizialean indarrak, denbora eta dirua xahutzen.

Aukerarik ikusten duzu polizia eredu berrirantz egiteko?

Garai politiko berriak aukera ezin hobea ematen du polizia eredua aztertzeko. Aprobetxatu egin behar da. Ez dugu planteatzen, ordea, alderdi politikoen arteko eztabaida, gizarteak eztabaidatu eta erabakitzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.