Bakeari eta Bizikidetzari buruz eztabaidatzeko lantaldea osatu zuten Eusko Legebiltzarrean iragan otsailean, baina, urtea amaitzear dela, lantalde hura bera bihurtu da eztabaidagai, legebiltzarreko bost taldeetatik bi —EAJ eta EH Bildu— daudelako ponentzian parte hartzeko prest.
Lantalde horren zilegitasuna defendatu du gaur Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak Radio Euskadin. Azaldu du "gehiengo oso absolutuz" onartu zuela Eusko Legebiltzarrak bakeari eta bizikidetzari buruzko eztabaida lantalde batean gauzatzea, eta PSEri eta PPri egotzi die "ihesaldi estrategia" batean egotea. Egibarren ustez, bi alderdi horiek nahiago dute eztabaida hori hedabideetan eta Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran ematea.
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, berriz, defendatu du lantaldeak "ordezkaritza nahikoa" duela aurrera egin ahal izateko, eta eztabaida "fokuen berotik" atera beharra dagoela. Gaineratu du koalizioak "asumitu" egiten duela zoru etikoa deiturikoa, baina zehaztu du EH Bildu ez datorrela bat bertan esaten denarekin eta "desadostasunak" dituela. Gogorarazi du koalizioa ponentzian dagoela eta parte hartuko duela "bakeaz hitz egiteko foro guztietan".
PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJri egotzi dio "ihes" egitea eta bake lantaldean "babestea", ostegunean EAJk ez baitzuen bat egin euskal presoen ongi etorrien harira PPk aurkeztutako adierazpen batekin. Halaber, EH Bildu kritikatu du "iraganaren berrikuspen kritikoa ez egiteagatik"; uste du koalizioak berrikuspen hori egingo balu aitortu egingo lukeela "herri honetan gertatu diren gauzetan erantzukizuna duela".
Laura Garrido PPko legebiltzarkideak, berriz, EAJri egotzi dio ezker abertzalearen eskaeretara "makurtzea", eta uste du bake lantaldeak ez duela "erabilgarritasunik". Azaldu du EH Bilduk ez duela "ETAren historia kriminala" gaitzetsi, eta oroitarazi du PPk lantaldean parte hartzeko "ezinbestekoa" dela gaitzespen hori.