Ezustean hartu du Calderonek Mexikoko presidente kargua, Legebiltzarrean barik presidentearen egoitzan

2006ko abenduaren 1a
16:26
Entzun
Hala ere, Legebiltzarrera joateko eta han kargua zin egiteko asmoa duela agertu du, nahiz eta han puri-purian diren oraindik PAN alderdi kontserbadoreko eta zentro-ezkerreko PRDko diputatuen arteko liskarrak. PRDk ez ditu ontzat ematen Calderon kontserbadoreari garaipena ematen dioten hauteskundeetako emaitzak, eta kargu-hartzea eragotzi nahi dute.

Ondorioz, Legebiltzarreko oholtza hartu zuten herenegun PRDko diputatuek, Calderonen zin-egitea galaraztearren. PANeko diputatuek aurre egin zieten, ordea, eta euren artean borrokan ibili ondoren, harrezkero oholtza horretan dira alderdi bateko zein besteko 30en bat diputatu, batzuek besteen mugimenduak zaintzen.

Hori dela eta, ohikotik kanpoko ekitaldian hartu du Mexikoko presidente kargua Calderonek: Legebiltzarrean barik Los Pinos-en (Mexikoko presidentearen egoitza)egin dute, gauerdian (07:00ak Euskal Herrian), diputatuen presentziarik gabe. Hala ere, telebistak eman du ekitaldi hori, eta Vicente Fox egungo presidenteak -Calderon bezala PANekoa da- aginte xingola ezarri dio Calderoni. Arratsaldean Legebiltzarrera joan eta kargua han zin egiteko asmoa adierazi du Calderonek.

Mexikoko presidentetarako hauteskundeetan Calderon kontserbadorea eta Andres Manuel Lopez Obrador zentro-ezkerreko hautagaia buruz buru lehiatu ziren. Botoen zenbaketa guztian Lopez Obrador aurretik joan zen, baina, azken unean, garaipena Calderoni eman zion hauteskunde batzordeak, oso alde txikiagatik. Lopez Obradorrek eta haren jarraitzaileek ez zituzten emaitzak onartu eta iruzurra salatu zuten. Harrezkero hainbat mobilizazio egin dituzte egoera hori salatzeko, eta, besteak beste, gobernu alternatiboa eratu du Lopez Obradorrek jendaurreko ekitaldi handi batean.

Arestian aipatu bezala, herenegun liskar handiak izan ziren Legebiltzarrean PANeko eta PRDko diputatuen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.