2017ko otsailaren 13an Torturaren Kontrako Egunez argitaratutako artikulua zabaltzeko Facebooken idatzitako mezua kendu egin du sare sozialak, eta halaxe jakinarazi dio BERRIAri.
Zentsuratutako irudia ohikoa da torturari buruzko artikuluak ilustratzeko. Ez da egoera erreala, antzeztutakoa baizik. Tortura une bat irudikatzen du: emakume bat, burua poltsa batekin estalita, eskuak atzean lotuta eta makurtuta. Biluzik dago, eta titiburua ikusten zaio. Alua ez zaio ikusten, eta ezta ipurdia ere.
Sare sozialak azaldu du mezuak ez dituela betetzen Facebooken arauak, eta, beraz, kendu egin duela; Facebook "toki segurua eta abegikorra" izateko arauak dituztela, eta irudi horrek ez duela hori betetzen.
Erabakia berrikusteko eskatu dio BERRIAk sare sozialari, baina hark aurrez jakinarazitako erabakia berretsi du. Zehazki, jendea biluzik ageri den irudiei eta jarduera sexualari buruzko arautegia urratzen duela zehaztu du. Araudi horretan, debekatuta daude jendea biluzik ageri den irudiak.
Facebookek irudi gehiago ere zentsuratu izan ditu bularrak ageri direlako. Adibidez, Eugene Delacroixen La Liberté guidant le peuple obra zentsuratu zuen, koadroan emakume baten bularra agertzen delako. Lan ezaguna da, urteetan egon da 100 frankoko billeteetan, eta Parisko Louvre museoan dago. Kasu honetan, akatsa zuzendu egin zuen Mark Zuckerbergen konpainiak.
Kristo aurreko 25.000. eta 28.000. urteen artean datatzen den Willendorfeko Venusa eskultura ere zentsuratu zuen 2017an, eta, kasu hartan ere, atzera egin zuen gero.
Kasu gehienetan, ordea, ez du atzera egin sare sozialak, eta ezkutatu egin ditu titiburuak eta aluak ageri diren irudiak. Gainera, iaz berritu zuen arautegia, eta berretsi egin zuen debekua.