EPAIKETAK

Falangeko hiru kide epaitu dituzte Auzitegi Nazionalean

Fiskalak terrorismo delitua egozten die, eta zazpi urte arteko kartzela zigorra eskatu du. 2009ko urrian atxilotu zituzten, Nafarroan preso frankisten oroitarriak hautsi, pintaketak egin eta mehatxuak egitea leporatuta. 

Guradia Zibilak Falangeko kideetako bat atxilotu zuen unea. JESUS DIGES, EFE
2015eko uztailaren 13a
13:20
Entzun

Astelehenean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Falangeko hiru kideren kontrako epaiketa. Lehendabiziko aldiz, fiskalak terrorismoa egitea egozten die eskuin muturreko kideei. Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez Monreal eta Borja Perez dira auzipetuak.

Zazpi urte arteko kartzela zigorra, sei urterako inhabilitazioa eta 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatu du fiskalak Falangeko hiru kiderentzat. Arbizu, Orkoien, Barasoain eta Aitzoaingo udalentzat eskatu du kalte-ordaina, alkateak mehatxatuz eginiko pintaketengatik.

Orkoienen, auto batean, Julio, kontuz, begiratu azpian idatzi zuten, falangearen ikurrekin batera. Arbizun, berriz, udaletxearen fatxadan egin zituzten pintaketak: Gaur zelatatzen zaituztegu, bihar hil egingo zaituztegu idatzi zuten. 2009an jazo ziren gertaerak. 

2009ko uda, mehatxupean

2009ko udan hainbat pintaketa agertu ziren Iruñerrian Falangeak sinatuta: hiru ostatutan Falangearen pintaketak eta mehatxuak agertu ziren, eta Ezkaba mendiko eta Aitzoaingo hilerriko eskulturak, apurtuta. 

Falangeak berak Efe berri agentziara bidalitako ohar batean hartu zituen bere gain ekintza horiek.

2009ko urrian Guardia Zibilak atxilotu egin zituen gaur epaituko dituzten Falangeko hiru kideak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.