politika

Falangeko lau lagun atxilotu dituzte Nafarroan eta bat Espainian, azken urteko erasoekin lotuta

Guardia Zibilak atzeman ditu, Barañainen, Orkoienen, Sunbillan eta Aragoin. Euskal Herrian 2008ko urritik faxisten mehatxuak, pintaketak eta abar dira. Gerrarako munizioa, arma zuriak eta nazien sinbologiako objetuak atzeman dizkiete, Barne Ministerioaren arabera.

2009ko urriaren 23a
18:19
Entzun
Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu gaur goizean Nafarroan eta beste bat Villanueva de Gallegon (Aragoi, Espainia), Falange taldekoak direlakoan, eta ikertzen ari da Euskal Herrian azkenaldian mehatxuak, pintaketak eta abar eurek egin ote dituzten.

Nafarroan Barañainen bi gizonezko atzeman ditu -David M.E. eta Fermin D.T., biak Castaños plazako bi etxetan-, Orkoienen bat -Iturgain kalean- eta Sunbillan beste bat -Ignacio I.S.-. Haien etxeak miatu, eta ordenagailuak eta dokumentazioa eraman dituzte. Gerrarako munizioa, arma zuriak eta nazien sinbologiadun hainbat objetu atzeman dizkiela jakinarazi du Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Erasoak jaso dituzten Gipuzkoako eta Nafarroako herrien planoak ere bereganatu ditu Guardia Zibilak.

Aragoin atxilotu dutena Irungoa da (Gipuzkoa), 23 urteko mutila -B.P.I.-. Honen Irungo etxea ere miatu dute, Pello Bixente kalean.

Irailaren 22an Falange y Tradicionek bere gain hartu zituen iazko urritik Euskal Herriko hainbat herritako kaleetan eta oroitarrietan egindako pintaketak eta mehatxuak, Efe berri agentziara igorritako ohar baten bidez. Besteak beste, Sonia Polo Bilboko txupinerari -euskal preso baten arreba da- abuztuan bidalitako gutuna beraiek bidali ziotela esan zuen, eta "abisua" izan zela. Eskutitz bat igorri zioten Polori, bere argazki batekin eta bala batekin.

Iazko urritik hona, eskuin muturreko 32 "eraso faxista" egin dituzte Euskal Herri osoan. Hala ohartarazi zuen Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak. 25 bat hartu zituen bere gain Falange y Tradicion taldeak. Lehenengo pintaketak Nafarroan, Beran eta Lesakan egin zituzten. Efek jaso duenez, uda honetan Nafarroan izan diren beste hainbat pintaketa ere haiek egin dituzte. Irunen, Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) egindako erasoak "gobernu erregionalera etorri berri den Lopez jaunari ongietorria egiteko" egin zituztela jakinarazi zuen.

Tolosan (Gipuzkoa) Lasa eta Zabalaren oroitarriei eginiko pintaketak ere haiek egin zituztela zioen. Haren bitartez, Enrique Rodriguez Galindo poliziaburua "omendu" nahi zutela adierazi zuen Falange y Tradicionek. Galindo 71 urteko kartzelara zigortu zuten Lasa eta Zabala bahitu eta hiltzea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.