Hegazkin istripua Madrilen

Falta ziren bi gorpuak aurkitu dituzte suhiltzaileek

Haurtxo batena da hilotzetako bat. Horrenbestez, aurkitu dituzte atzo Barajasko hegazkin istripuan hildako 153 lagunen gorpuak. Zaurituak 19 dira, eta lau oso larri daude. Bidaiaren artean lau euskal herritar zeuden; haietako bat, Jose Joaquin Perez Obanos Espainiako Nekazari Kooperatiben Elkarteko presidentea hil egin dela baieztatu dute. Bigarren aireratze saioan amildu zen Spanairen hegazkina, lehenean pilotuak "arazoak" antzeman eta itzuli egin baitzen. Hala ere, ez zuela okerreko ezer egin dio Spanairek.

2008ko abuztuaren 21a
15:35
Entzun
Gaur eguerdian aurkitu dituzte suhiltzaileek atzo Madrilgo hegazkin istripuan hil etafalta ziren bi gorpuak: haurtxo batena eta gizonezko heldu batena. Goizean goiz hasi dituzte bilaketa lanak Barajasko aireportuan hegazkina amildu zen inguruan, eta eguardian, aurkitu dituztenean, amaitutzat eman dituzte lan horiek. Horrenbestez, 153 dira atzoko istripuan hildakoak eta 19 zaurituta baina bizirik atera zirenak.

Zaurituetatik lau oso larri daude eta sei larri, Madrilgo Osasun Kontseilaritzak zehaztu duenez. Beste zortzi, berriz, behaketa pean dauzkate, eta bederatzigarrenak zauri arinak ditu. Hasiera batean 20 lagun erreskatatu zituzten bizirik, baina bat, 30 urte inguruko gizonezko bat, erietxean hil zen atzo gauean.

Lau euskal herritar

Lau euskal herritar zeuden bidaiarien artean. Horietako bat, Jose Joaquin Perez Obanos nafarra, Espainiako Nekazari Kooperatiben Elkarteko presidentea eta UAGNko presidente izana, hil egin dela baieztatu dute. Halaber, hegazkinean zihoazen Begoña eta Isabel Andraka Golzarri ahizpa bizkaitarrak eta Miguel Bernaola Iturbe Madrilen bizi zen euskal herritarra.

MD-82 motako hegazkinak atzo arratsaldek hiruak laurden gutxitan izan zuen istripua. Aireratu eta segituan amildu egin zen, bitan hautsi eta ondoren su hartu zuen. Lehen hipotesien arabera, hegazkinaren akats batek eragin zuen istripua: motor batek su hartu zuela aipatu zen lehen uneetan.

Okerreko ezer ez duela egin dio Spanairek

Spanair konpainiak onartu du aireratzea ez zela normal joan. Izan ere, aireratzeko lehen saioak huts egin zuen: pilotuak arazo bat antzeman zuen, eta atzera itzultzea erabaki zuen. Spanaieko arduradunek azaldu dutenez, "gehiegizko berotze" bat izan zuen motorrak, baina zerbitzu teknikoek konpondu eta aireratzeko argi berdea eman zioten. Bigarren aireratze saio horretan erori zen hegazkina. Hala ere, arazoa konpondu zutela eta ez zutela okerreko ezer egin ziurtatu dute Spanairreko buruek.

Lehen aireratze horretan izandako arazoaren berri izateak sutan jarri ditu istripuan hildakoen senideetako asko, eta erantzunkizunak argitzeko eskatu dute. Ildo horretatik, ikerketa sakona egingo dutela eta gertatutakoa erabat argituko dutela agindu du Magdalena Alvarez Espainiako Sustapen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.