Familia bakoitzak 110 euro gastatuko ditu hilean maskaratan, kalkulatu dutenez

OCU kontsumitzaileen elkarteak atera ditu kontuak, eta maskarak nahitaezkoak diren bitartean doan eman ditzala eskatu dio Jaurlaritzari.

Herritar bat, maskararekin, museo batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 4a
15:40
Entzun

OCU kontsumitzaile elkarteak kanpaina bat abiatu du Eusko Jaurlaritzari eskatzeko maskarak doan bana ditzala, herritarren gainean jarritako presioa arintzeko. Kalkulatu dutenez, familia bakoitzak 110 bat euro gastatzen ditu hilean maskaratan, legea betetzeko.

Bi kalkulu egin dituzte zenbaki horretara heltzeko, Kepa Loizaga taldeko Bilboko ordezkariak azaldu duenez: lehenengoan, oinarrizko maskarak hartu dituzte kontuan, higienikoak edo kirurgikoak deiturikoak. Horient gehieneko salneurria ezarri zuten agintariek: ezin dira 96 zentimo baino garestiago saldu. «Hainbat saltokitan, 59,60 euroan ikusi ditut salgai», esan du Loizagak. Lau laguneko familia bateko kide bakoitzak egunean bat beharko balu, hileko 110 euroko gastua litzateke, taldeak kalkulatu duenez.

Bigarren kalkuluan, iragazkia duten maskarak hartu dituzte kontuan, eta are gehiago garestitzen da kontua: «Familiako kide batek maskara hobea behar badu, asma duelako, esaterako, hor hilabetean 255 eurora hel gaitezke». Izan ere, maskara iragazkidunentzat ez da gehieneko salneurririk ezarri, eta sei euroan ere saltzen dituzte.

Loizagaren taldeak eskatu du ziurtatzeko herritarrek maskara mota guztiak lortu ahal izatea, salneurria finkatzeko eta hilean gutxieneko maskara kopuru bat emateko.

Erakundeak gogoratu du maiatzaren 21etik nahitaezkoa dela maskara eramatea leku publiko itxietan eta kalean, bi metroko tartea utzi ezin denean pertsonen artean. «Maskarak derrigorrez eraman behar izatea hileko beste ordainagiri bat da familientzat, hileko beste gastu finkoei gehitu beharrekoa, hala nola urari, argindarrari, gasari, telefonoari eta elikagaiei», adierazi du elkarteak, ohar baten bidez.

Loizagak esan du familia asko larri dabiltza lehendik beste gastu finkoei aurre egiteko, orain maskarena gehitzeko. Elkarteak berriki egin duen inkesta baten emaitzen arabera, familien %10 larri dabiltza oinarrizkoak ordaintzeko, eta %6, jana ordaintzeko ere bai. «Familia horientzat ezinezkoa izango da maskarak eramateko betebeharra ordaintzea». Elkarteak eskatu du okerren daudenei doan emateko gutxienez, eta, gainerakoei, hilean batzuk ematea, «etxeko ekonomiari eginiko kaltea arintzeko».

Nola egin hori, eta abusuak eragotzi? Loizagaren arabera, Osakidetza eta Osasunbidearen txarteletan sar ditzakete maskarak, orain botikekin egiten den bezala.

Gaur jarri dute martxan kanpaina, eta oraindik ez dute agintarien erantzunik jaso. Baina Loizagaren mezua argia da: «Ez dugu aukerarik maskara ez eramateko; beraz, doan izan dadila behintzat».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.