STOP Kaleratzeak plataformak deituta, dozenaka lagun bilduta zeuden bart gauetik Carabelos kaleko 51. zenbakian, Madrilen. Bigarren aldia zen, Kutxabanken aginduz, bost kideko familia bat —tartean 20 eguneko jaioberri bat— etxetik kanporatzen ahalegintzen zirena. Plataforma saiatu da funtzionarioekin negoziatzen, baina alferrik.
Segurtasun indarrak heldu direnean, goizaldean, aita eta manifestariak zeuden etxean itxita. Polizia indarrez sartu da eraikinean, eta enfrentamenduetan bi pertsona zauritu dira, haietako bat Polizia oldartu zaienean jasotako kolpeen ondorioz. Sei lagun ere atxilotu dituzte.
"Bitan oldartu da Polizia. Modu ankerrean jokatu dute. Haurdun zegoen emakume bati lepotik heldu diote. Emakumea zorabiatu egin da, baina larrialdi zerbitzuei ez zieten etxera sartzen uzten", salatu du plataformako kide batek.
STOP Kaleratzeak plataformak salatu du Vallecasko familiaz gain Kutxabankek Getafeko beste bost familia kaleratzeko agindu duela.