De Miguel auziko epaiketan parte hartu duten bi lekukoren arabera, 1995etik 2007ra Zanbranako Udaleko (Araba) alkate izandako Maria Justina Angulok (EAJ) interes zuzena zuen herri horretan egitekoa zen operazio urbanistiko batean.
Ipar Kutxako bi langilek deklaratu dutenez, bere familiako kide batzuek —amak eta izeba batek— dirua jaso behar zuten lursail batzuen kalifikazio aldaketagatik. Asmo horrek azkenean kale egin bazuen ere, auzipetuta dago Angulo, fiskaltzaren arabera, hori aurrera eramateko egin zituen legez kanpoko gestioengatik. Lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskaerari egin beharko dio aurre.
Arabako EAJren zuzendaritzako kide izandako Alfredo de Miguel eta alderdi jeltzaleko hainbat kargudun ohi auzipetuta dauden epaiketaren zortzigarren atalari hasiera eman zioten atzo —denera, hamabi atal dira—. Bederatzi saiotan aztertuko dituzte Zanbrana herrian porrot egin zuen lursailen kalifikazioarekin loturikoak.
Horretan ere azaltzen da De Miguel, orduan Arabako Aldundiko Hirigintza diputatu eta EAJ EBBko kide zena. Akusazioaren arabera, 65 milioi euroko kostua izan behar zuen operazio horrek, eta horretan parte hartu behar zuten enpresei komisio bat eskatu zien De Miguelek; diru hori, gero, beste enpresa batzuetara bideratzen zuen.