Familia tradizionalak baino gehiago dira lehen aldiz EAEn bestelako ereduetako familiak

Batez beste 2,94 senidez daude osatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familiak

ainara arratibel gascon
2008ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Pertsona bakar batek eta seme-alabarik gabeko bikoteek osatzen dituzten familiak eredu tradizionalekoak-bikotea eta gutxienez seme-alaba bat- baino gehiago dira aurreneko aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eustat Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Institutuak atzo aurkeztu zuen 2006ko azterketa demografikoaren arabera,%40,8 dira betiko ereduari eusten dioten sendiak; familien%44, berriz, pertsona bakar batez edo eta seme-alabarik gabeko bikoteez osatuta daude. 1996. eta 2006. urteen artean 104.000 familia sortu ziren EAEn. Batez beste 2,64 senidez osatuta daude familiak.

Eredu tradizionaleko familiek behera egin dutela erakusten dute azken hamar urteak aintzat hartzen dituzten datuek. 1996an familien %51 gutxienez seme-alabaren bat zuten bikoteek osatzen zuten; 2006an, berriz, kopuru hori %40,8ra jaitsi zen. Eredu tradizionaleko 30.600 familia inguru galdu dira 10 urtean. Gainera, familia horietako senide kopuruak ere behera egin du. Nabarmen. Batez beste 3,7 kidez osatuta daude egun eredu tradizionaleko familiak.

Bakarrik bizi direnen kopurua izan da azken hamarkadan gehien igo dena: %61, hain zuzen. Batik bat emakume ezkongabeak dira bakarrik bizi direnak: %48. 1996. urtean 7.000 ziren bakarrik bizi ziren banandutako emakumeak; 2006an, berriz, nabarmen egin zuen gora: 14.400.

Gora egin dute baita ere seme-alabarik gabeko bikoteek osatzen dituzten familiek. Mota horretako59.000 familia sortu ziren 1996 eta 2006 urteen artean. 10 urtean %51 hazi dira mota horretako familiak. Bakarrik bizi diren familiekin antzekotasun bat dute. Kasuen %60an familiako erreferentziazko pertsonak 55 urte baino gehiago ditu.

Guraso bakarreko familiak jaitsi egin dira, batik bat aitek eta seme-alabek osatutakoak. Familia horietako asko kide bakarrekoak izatera pasatuko dira seme-alabak etxetik joaten direnean.



FAMILIA GUNEAK. Eten egin da gune bat baino gehiago duten familien ereduak izandako beherakada. 28.500 dira gune bat baino gehiago dituzten sendiak. Eustaten aburuz, immigrazioak eragin du halako familia ereduek azkenaldian izan duten igoera.

Gune bat baino gehiago dituen familia izan, eta horietako batean murgiltzea erabakitzen duten pertsonen kopuruak behera egin du. 1996an 56.700 pertsona ziren halako familia eredu batean bizi zirenak, 2006an, berriz, 47.000. Gero eta gutxiago dira bakarrik geratu eta beste senideren baten etxera bizitzera joaten direnak, eta horrek eragin du eredu horretan izandako beherakada.

Bikote edo seme-alabatasun harremanik ez duten pertsonaz osatutako familiak gutxitu egin dira. 1991n zuen antzeko pisua du eredu horrek egun. Era horretako 21.300 familia daude gaur egun. Familia horietako kideen%76 ezkongabeak dira,eta %65ek 45 urte baino gehiago dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.