Familien %90ek onartzen dute organoak ematea

Transplanteetan buru da Hego Euskal Herria, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dutenez

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Senideren bat hil eta organoak transplanteetarako erabil daitezkeenean, ematea onartzen dute herritar gehien-gehienek. Iaz Hego Euskal Herrian egindako transplanteen datuek azaleratu dute egoera hori: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, senideen organoak emateko modua zutenen artean, hamarretik bakarrak egin zion uko; Nafarroan, gutxiagok, %8 eskasek. Inguruko datu onenak direla nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, adibidez, 46 organo emaile daude milioi bat biztanleko. Bi gobernuen esanetan,transplante gehienak egiteko modua ematen du egoera horrek, eta inguruko herrialdeetara organoak igorri ahal izatea.

Europako herrialdeen artean buru dira Hegoaldeko laurak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, datu hauek utzi ditu 2011k: 123 giltzurrun jarri dituzte, 61 gibel, bederatzi bihotz eta hamar birika. Honatx Nafarroako zenbakiak: giltzurruneko 40 transplante egin dituzte, 24 gibeleko eta bost bihotzeko. 2010ean baino transplante gehiago egin dituzte Nafarroan, bihotzekoak izan ezik. Jarritakoak baino organo gehiago lortu dituzte erietxeetan, eta, horrelakoetan, inguruko herrialdeetara bideratzen dituzte.

Hezurmuineko transplante gehienetan, ostera, pertsona bera izaten da emailea eta hartzailea; organoa atera eta jarri egiten diote. Nafarroan, kasurako, egin dituzten hezurmuineko 68 transplanteetatik 43tan hala egin dute.

Inguruan baino emaile gehiago izateak eta organoak kanpora bidali ahal izateak, ordea, ez dute esan nahi itxarote zerrendarik ez dagoenik. Bada jendea transplantea noiz egingo zain dagoena Hegoaldean. Nafarroan, esate baterako, bi pertsona daude bihotz bateragarri bat behar dutenak, hamasei lagunek gibel egoki bat falta dute, eta 77k, giltzurrunak.

Emaileen artean, bada alor bat gainerakoetan baino emaile gutxiago dituena proportzioan: zilbor hestekoa. Nafarroan iaz izandako 6.042 jaiotzetatik 423tan eman zuten zilbor hestea.

Nolanahi ere, datuak eskuan, egoeraren balorazio positiboa egin dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Herritarren «borondate ona» nabarmendu dute, eta transplanteak bideratzeko katean egiten duten lana aintzat hartzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.