Genero indarkeria

Fannyren bakardadea

Bikotekideak hil zuen Dora Angulo ekuadortarra, joan den apirilaren 1ean, Antsoaingo bere bizitokian. Herriko udalbatzarrak gertaera salatu zuen, baina Doraren ahizpa Fanny Mazok salatu du ez duela jaso Udalak eskainitako laguntza

edurne elizondo
2003ko uztailaren 6a
16:59
Entzun

Dora Angulo Guagua bikotekideak Nafarroan azken bost urteotan hildako seigarren emaztea da. 40 urte , ekuadortarra zen, eta Antsoain zuen bizitoki. Joan den apirilaren lehenean zendu zen, Salvador Antonio Flores bikotekideak emandako labankaden ondorioz. Flores espetxean da, epaiketaren zain. Fiskalak eta Dora Anguloren familiaren abokatuak erailketa egotzi diote. Akusatuak, berriz, bere burua defendatu besterik ez zuela egin dio.

Estatistiken eta datu hotzen atzean, Dorak utzitako hutsuneari egunero aurre egin behar dio Fanny Mazo Guaguak, haren ahizpak. «Emakume ederra zen», dio Fannyk, hitz egiten hasterakoan. Dora gabe, bakarrik gelditu da Fanny. «Gurasoak Ekuadorren dira, eta han daude ere Doraren bi seme-alabak». Fannyk, hala ere, argi du epaiketa amaitu arte ez dela Nafarroatik joanen. «Gero, ikusiko dut». Ahizparen gorpua Ekuadorrera lagundu nahi izan zuen, baina, ezin izan zuen egin, paperik ez duelako. «Hiru urte daramat hemen, eta oraindik ez ditut lortu».

Fannyk inoiz ez zuen uste Dorari gertatutakoa gerta zitekeenik. «Bera hil ondoren jakin dut arazoak zituela senargaiarekin. Gauzak barruan gordetzen zituen, ez zidan deus erraten. Gizona jeloskorra zela, bai, hori banekin». Justizia besterik ez du nahi, baina bide horretan, «bakarrik» dagoela salatu du.

Udalaren laguntza gabe

«Ahizpa hil zutenean, Antsoaingo Udala berehala hasi zen mugitzen. Erailketa salatu zuten eta laguntza eskaini zidaten, ahizparen gorpua Ekuadorrera itzultzeko, bai eta epaiketan parte hartzeko ere. Errandako guztia, ordea, hutsean gelditu da. Ez dute deus egin. Gezurti hutsak dira», azpimarratu du Fannyk.

Dora Ekuadorrera itzultzeko gastuak «hildakoak berak» ordaindu dituela argitu du Fannyk. «Hainbat mediotan agertu da Antsoaingo Udala arduratu zela aferaz, baina ez da egia. Nik ez dut dirurik eta ahizparen dirua baliatu behar izan dut. Bankura joan eta han erran zidaten ezin zidatela dirua eskura eman, baina haiek ordainduko zituztela gastuak, eta hala egin zuten», azaldu du Fannyk, tanatorioko fakturak eskuan dituela.

«Dena eginda zegoenean etorri ziren udaleko kideak; orduan, bankuak ordaindutakoa Doraren seme-alabei emateko prest agertu ziren; haien kontu korrontearen zenbakia eta guzti eskatu zidaten, baina ez dute deus egin», gaineratu du.

«Nik ez dut dirurik nahi. Nik ez dut deus eskatu. Udalak eskaini zidan laguntza, eta, orain, bakarrik nago». Fannyri min gehien ematen diona, epaiketaren auzia da. «Akusatuak nik baino babes handiagoa du».

Joan den ekainaren 5ean epaiketa hasi aurretik akusazioak zehazteko eta frogak eskatzeko bista egin zuten Nafarroako Probintzia Auzitegian, eta, han, «bakarrik» egon behar izan zuela azpimarratu du Fannyk: «Abokaturik gabe agertu nintzen, ez bainekien behar nuenik ere. Carlos Moreno abokatua laguna dut, eta, epaitegian zegoen egun hartan. Mesedea eskatu eta hark lagundu zidan bistara», esan du.

«Dora etorkina zen, eta, ni ere banaiz, paperik gabeko etorkina, gainera. Horregatik utzi naute bakarrik», azpimarratu du Fannyk. «Nik gauza bakarra nahi dut: Antsoaingo Udalaren babesa epaiketan indar handiagoa edukitzeko. Orain ni bakarrik nago hiltzailearen kontra».

Antsoaingo Udalak ez ditu onartzen Fanny Mazoren salaketak.

Alfredo Garcia PSNko alkateak argi eta garbi erran du: «Guri inork ez digu inolako eskaerarik egin, idatziz». Fannyren hitzetan, kontua da udalak berak eskaini zuela bere laguntza.

Hilketa salatzeko batzarrean adostu zen agiriak ere jasotzen du Udalak egindako eskaintza: «Udalak dituen medioak familiaren esku jartzeko borondatea agertzen dugu, behar den guztirako arreta azkar, egokia eta eraginkorra eskaintzeko».

Garciaren aburuz, Ekuadorreko Gobernuak hartu behar zuen gorpua sorterrira itzultzeko ardura: «Finean, hiru egun besterik ez zeraman Dora Angulok Antsoainen. Eta ekuadortarra izanda, herri horrek hartu behar zuen bere gain erantzunkizuna. Eta berriz erranen dut, guri inork ez digu inolako eskaerarik egin, inoren izenean, idatziz».

Antsoaingo Udalak epaiketan parte hartzeko asmoa bazuela onartu du Garciak, eta azaldu digu zergatik asmo hori ez den gauzatu: «Abokatuari erran genion egin beharreko urratsak egin zitzan akusazio partikularrean parte hartzeko. Lehenengo bista izan zela jakin nuenean, abokatuari deitu eta zer gertatu zen galdetu nionean, hark erran zidan Fannyren asmoa zela akusazio partikularraren ardura guztia udalaren esku uztea, eta hori ezin genuen onartu».

Fannyren adierazpenek ez dute inolaz ere bat egiten alkateak errandako hitzekin. «Udalaren abukatuari behin baino gehiagotan deitu nion, eta hark ez zekiela deus erran zidan. Nik, noski, nire kabuz ekin nion egin beharreko urratsak egiteari. Bakarrik bada ere, aurrera egiteko prest nago. Nik ez dut amore emanen. Udalak ez dit bere babesa eman nahi izan, hori da gertatu dena. Ni hasieratik egon naiz afera honetan bukaeraraino ailegatzeko prest».

Andrearen ahalegina

Genero Indarkeriaren Aurkako Plataformako kide Andrea taldearen laguntza besterik ez duela jaso zehaztu du: «Elkarte horretako kide Tere Saezek deitzen dit, epaiketako gauzak nola dauden jakiteko, galdetzeko, baina beste inork ez. Ez udalak, ezta Aproe Ekuadorren Aldeko Elkarteak ere. Bakarrik nago, erabat».

Andrea, hain zuzen, Antsoaingo Udalak hilketa izan zenean agertutako borondatea gauza dadin lortzeko lanean dabil. Bilera antolatu nahi du udaleko kideak, Aproe eta Fannyrekin.

«Aproekoek duela bi aste deitu zidaten bilera eginen genuela errateko, baina niri oraindik ez dit inork deus erran», azpimarratu du Fannyk. Alfredo Garcia alkateak, berriz, «bilera horri buruz deus» ez dakiela esan du.

Anguloren hilketaz «denak ahaztu» direla salatu du Andreak, eta haren ahizpak bakarrik hartu duela ustezko hiltzailearen aurkako epaiketaren ardura.

Alicia Aristregi zenaren hilketak epaimahaiak ebatzi berri du senarrak azpikeriaz eta ankerkeriaz erail zuela oihartzun handia izan du gurean, eta jende askoren kontzientzia astindu du. Dora Angulok Aliciaren patu krudel bera izan du, baina, haren kasuak, ez du hainbeste zalaparta sortu . Laster hasiko da Salvador Antonio Floresen aurkako epaiketa. Fannyk, bakarrik joan beharko du Iruñeko epaitegira, «ahizparentzako justizia eskatzera».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.