Fano eta Lizarraga Espainiaratzeko modua «aurrekari bitxia» litzateke

Salaketa ofiziala eta euroagindua «inkoherentziaz beteak» direla salatu du Askatasunak

ENEKO BIDEGAIN
2008ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Unai Fano eta Maria Lizarraga atxilotu eta astebetera Espainiaratuko zituztelako berria zabaldu zen irailaren 26an. Irailaren 23an atxilotu zituzten Frantzian, eta ETAko kide izatea leporatu zieten. Estradizio prozedurak ez direla hain sinpleak azaldu zuten atzo Askatasunak eta Fano eta Lizarragaren abokatuek. Orain arte, ustezko etakideak Ipar Euskal Herrian edo Frantzian atxilotzen direnean, gaizkile elkarteko kide izateagatik Frantzian epaitzen eta kondenatzen dituzte. Fanoren eta Lizarragaren kasuan, Parisko fiskaltzak auzia Espainiako Justiziak bere gain har dezan galdetu zuen. Hori «aurrekari handia» da, Xantiana Cachenaut abokatuaren arabera.

Espainiako Justiziak Espainiako lurretan atxilotutako pertsona batzuk Frantziako lurretan egindako ustezko delituengatik epaitu nahi baditu eta ez baditu Frantziara estraditatu nahi, salaketa ofiziala jartzen ahal duela argitu du Cachenautek. Fanoren eta Lizarragaren kasuan, Espainiako Justiziak jarritako salaketa ofiziala dagoela zabaldu zen. Baina Fanoren eta Lizarragaren egoera ez da hori. Hots, ez dira Espainian atxilotuak izan, baizik eta Frantzian. Eta, beraz, Frantziak badu bere lurraldean egindako ustezko delituengatik atxilotuak epaitzeko eskumena.

Fanoren eta Lizarragaren kontrako euroagindu prozedura ere aipatu izan da. Baina, kasu horretan, euroagindua aplikatuko litzateke Espainian edo Hego Euskal Herrian egindako ustezko delitu batengatik epaitzeko. Ez da hori Fanoren eta Lizarragaren kasua. Alabaina, ez zegoen haien kontrako atxilotzeko euroagindurik, atxilotuak izan ziren arte. «Ez gara ez kasu batean, ez bestean», ohartarazi du abokatuak.

«Bitxia eta harrigarria da. Parisko Justiziak badu Fano eta Lizarraga epaitzeko eskumena, baina Espainiako Justiziari galdetu nahi dio epaiketa hori egin dezan». Horrek instrukzioari begira ere ez daukala logikarik zehaztu du. Hots, instrukzioan zehar lekukoak galdekatu ohi dira. «Espainiako epaileak joanen dira Loire departamendura lekukoei galderak egitera?»

Erabaki politikoa

«Juridikoki azalpenik ez» duen prozedura dela gehitu du Cachaunatek. «Ez dugu ulertzen zergatik hasi duten prozedura hori. Horregatik pentsatzen dugu arrazoiak politikoak direla». Fanorentzat eta Lizarragarentzat ez da gauza bera gaizkile elkarteko kide izatearen akusazioarekin Frantzian edo Espainian epaitua izatea. «Frantzian hamar urteko kartzela zigorraren arriskua daukate; Espainian horren hirukoitza». Halaber, kondenen murrizteak ere ez direla berak zehaztu du Cachenautek.

Kasu horrek sortzen dizkion «zalantzen» berri eman du Askatasunak. «Zergatik egiten da urrats hori?», galdetu du Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak. Fanoren eta Lizarragaren atxiloketa Michele Alliot-Marie eta Alfredo Perez Rubalcaba Frantziako eta Espainiako Barne Ministroak bildu bezperan gertatu zela gogora ekarri du. Hain zuzen, Batasuneko Ipar Euskal Herriko arduradunen kontrako operazioaren bezperan. «Zer da martxan jarri nahi dutena? Euroagindua benetako tresna politikoa da». Funosasek «militanteen kontrako jazarpena» eta «militanteen izorratzea» salatu ditu. «Euroagindua alimaleko tresna da militanteak presionatzeko eta militanteak txanpon truke bezala erabiltzeko».

Ipar Euskal Herriko gizarteko eragile, alderdi eta erakunde anitz euroaginduaren aurka agertu direla oroitarazi du. «Anitzek arriskua ikusten dute, prozedura horiek zabaltzen duten bidea dela-eta». Euroaginduaren kontrako «indarrak metatzen» ari direla argitu du. Ildo horretatik, hurrengo mobilizazioa azaroaren 9an izanen dela iragarri du. Egun hartan Elkartasun Eguna ospatuko dute Irulegin (Baxenabarre). Hara joateko deia egin du Askatasunak.

Lorentxa Beirie «torturapean egin lekukotasunetan oinarrituz» kondenatua



Lorentxa Beirie zazpi urteko kartzela zigorrera kondenatu du Parisko auzitegiak, aste honetan, Gironan Mosso d'Escuadra baten heriotza eragin zuen atentatu bat lagundu izanaz akusaturik. Beirieren kontrako akusazioa bi atxilotuk «torturapean egin lekukotasunetan oinarritzen» dela salatu du Iolanda Molina abokatuak. «NBEren arabera, torturapean egiten diren deklarazioak ezin dira erabili. Tortura posible izanen da, holako deklarazioak baliatuak baldin badira». Epaileak torturatua izan zen Mikel Sotoren lekukotasunak «hunkitu» zituela, baina hala ere Beirie kondenatu dutela salatu du Molinak. Beirie bost aldiz epaitu dute, eta orotara 30 urteko kartzela zigorra pilatu zaio.

Kalaka auzikoak aske daude, baina Euskal Herrira itzultzeko debekua daukate



Iraila bukaeran Kalaka auziaren baitan preso ziren lau lagunak aske gelditu ziren. Ez dute, ordea, Pirinio Atlantikoetara (beraz, Ipar Euskal Herrira) joateko eskubiderik, ez eta ere 50-60 bat lagun zehatz ikustekorik. Astean bitan joan behar dute jendarmeriara paper bat izenpetzera. Egoera hori salatu dute Askatasunak eta haien abokatuek. «Kartzelatik ateratzeko beti eskatzen da etxe bat eta lan bat ukan dezaten», azaldu du Iolanda Molina abokatuak. «Eta justu etxetik kanpo dira eta lanik gabe», lana Euskal Herrian dutelako. Noizbait epaituak izanen direla eta orduan «absolbituak» izanen direla gehitu du, baina ordurako kalte handia jasana izanen dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.