FAPE Espainiako kazetarien elkartea gogor agertu da gaur ezker abertzalearen aurkako betoaren aurka. Otsailaren 28an PSE-EEk, PPk eta UPyDk Batasunako kideak EITBn ez gonbidatzearen alde testua onartu ondoren, FAPEk ohartarazi du horrek hedabideen eta bere profesionalen betetzen duten funtzioaren kontra egitea litzatekeela.
Legebiltzarreko testuak EAJ eta Ezker Baturen kontrako botoak jaso zituen. Batasunako kideak ez gonbidatzeaz gain, "terroristei, legez kanpoko erakundeei edo edozein unetan horiek ordezkatu nahi dutenei, bere ekintzak justifikatuz edo babestuz, espazioa ez uztea" proposatzen zuen testuak. Kazetarien elkarteak jakinarazi duenez informatzaileak gertatzen dena jaso behar du.
"Aurretik zertaz informatu behar den esatea edo soilik iritzi politiko jakin bat dutenei ahotsa ematea gizarteari errealitatea osotasunean ez erakustea litzateke", dio FAPEren oharrean. Horrela eginez gero, ETAren komunikatuen berri ez luketela emango esan du, eta erresoluzio hori beste arlo batzuetara eramanda, xenofobiari buruzko erreportairik ezingo litzatekela egin gaineratu du.